Erabakitzeko eskubidearen alde batuko dira etzi milaka eta milaka euskal herritar. Oarso Bidasoko bizilagunak ere izango dira bertan, Euskal Herriak izan nahi duena erabakitzeko aukera izan dezan, eskua emanda.
Oarso Bidasoko herri guztiek gainditu dute erronka
Erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatuko dute milaka eta milaka lagunek etzi Gure Esku Dago iniziatibak deituta. Katea egingo dute horretarako, eta askotariko esku eta lagunekin lokarria sortu, 123 kilometro batzeko. Askotariko pertsonak lotuko dira eskaera bakarraren bueltan, erabakitzeko eskubidearen alde. Aldarrikapen horri, ehun mila esku lotzea, 50.000 lagun elkartzea zen erronka, eta dagoeneko 70.000 lagunek egin dute bat [osteguneko datuak dira, gero kopuru hori gainditu dela esan dute], 140.000 eskuk, beraz, Durango eta Iruñea artean, kilometroz kilometro Euskal Herriak herri izan nahi duela ozen adierazteko.
Etzikoa egi bihurtzeko urtebeteko lana egin du Gure Esku Dago iniziatibak, eta giza katea bukaera baino hasiera izango dela argi du Irati Oleaga Errenteria-Oreretako Gure Esku Dagoren arduradunak. Ikasturteko lanaren balorazio positiboa egin du Oleagak, gorabeherak izan dituztela onartu arren: “Batzuetan oso goian izan gara, eta beherago besteetan. Giza katea neurgailu gisa hartuta Errenterian aurreikuspenak bete eta gainditu ere egin ditugu”. Hala da. Bi kilometro eta 800 lagun bildu behar zituen iniziatibak Errenteria-Oreretan, eta bi kilometroak osatzeko adina esku eta lagun lortu, eta gainditu egin ditu, “1.100 lagun ditugu momentuz, beraz emaitzarekin oso gustura gaude”.
Irunen, 700 lagun
Pozik dago Itxasne Sagarzazu ere. Irungo Gure Esku Dago iniziatibako dinamizatzailea da Sagarzazu, eta hasieran irundarrengana heltzea kostatu zitzaiela onartu badu ere, azken hiru hilabeteetan jendearen artean interesa piztu, eta “mugimendu polita” sortu dela esan du. Pozik daude haiek ere emaitzarekin. 666 lagun lortu behar zituzten Irunen etziko ekimenerako, eta horiek ere gainditu dute aurreikuspena, 690 lagun lortu baitituzte jada: “700 lagunera helduko garela nahiko argi dugu, egunero bost eta hamar fitxa artean jasotzen ari gara eta”.
Iniziatibaren hasierako helburu edo erronka nagusia erabakitzeko eskubidearen gaineko eztabaida gizarteratzea, eta etziko giza kateari erantzutea zirela zehaztu dute Oleagak eta Sagarzazuk, “eta bi horiek lortu ditugun zalantzarik ez da”. Balorazioa pertsonala dela nabarmendu du Errenteriako iniziatibaren arduradunak, “igandekoaren ostean balorazioa egiteko batzarra egingo du taldeak”.
Aniztasuna bermatzea da iniziatibaren beste helburuetako bat, kolore ezberdinetako jendea biltzea erabakitzeko eskubidearen inguruan. Azken horretan Errenteriaren kasuan hutsuneak izan badirela esan du Oleagak, “gurea bezalakoa den herri batean espektro asko daude, eta ez dugu lortu denak batzea”. Edonork daukala lekua gogorarazi du, “benetan sinestuta gaudelako gurea, aldarrikapen demokratikoa dela”, eta topagune horretan sentsibilitate guztiak batze aldera lanean jarraitzeko konpromisoa azaldu du.
Gure Esku Dago iniziatibaren bueltan Irunen bildutako lagun gehienak euskaldunak eta abertzaleak direla zehaztu du Sagarzazuk, “baina bestelako sentsibilitatea duen jendea ere hurbildu zaigu. Gure taldea nahiko anitza da, eta saiatu gara aniztasun hori lortzen eta lantzen, ez da lan erraza izan, ordea”.
Aldarri berberak batuta
Igandekoari begira daude Oleaga eta Sagarzazu, giza katean parte hartzeko metroak erosi dituzten 70.000 euskal herritarren antzera. Aniztasuna nabarmena izango da giza katean Sagarzazuren hitzetan, eta hunkigarria izango den zalantzarik ez du Oleagak, “erabakitzeko eskubidearen inguruan zein jende ezberdina biltzen garen, eta zein ilusiorekin bizitzen ari garen ikustea izugarria izango da. Etzi, eskuak hartzen ditugunean, herri berean bizita pote bat elkarrekin hartzeko gai izan ez garenak, edo elkarri hitz egin ez diogunak, gauza berberaren parte izango gara, aldarri berberak batuko gaitu”. Gonbidatu bereziak izango ditu gainera Errenteria-Oreretak bere bi kilometroetan, Xanti eta Maialen erraldoiak eta buruhandi taldeak bat egin dutelako ekimenarekin. Erraldoiak nola jantzi eta prestatzen dituzten erakutsiko omen dute.
Autobusetako zerrendak itxita badaude ere, gaur eta bihar metroak erosteko aukera izango da bai Oarsoaldeko zein Bidasoko herrietan. Horren harira, deialdia luzatu diete oraindik orain metroa erosi ez duten herritarrei, giza katearekin bat egiteko, “igandean Euskal Herriak desio eta nahi komuna duela erakutsiko duelako: erabakitzeko eskubidea”.
-
-
Oiartzun
-
-
Pasai Antxo
-
-
Lezo
-
-
Errenteria-Orereta
-
-
Irun
-
-
Pasai Donibane
-
-
Errenteria-Orereta