Haurtzaro ikastolako eta Elizalde herri eskolako ikasleak saritu dituzte
Gipuzkoako Foru Aldundiak mugikortasun iraunkorra bermatzeko proiektu pilotua abiatu du 2013-2014 ikasturtean Oarsoaldeko udalerrietan, eta eskola kiroleko partidetara modu iraunkorrean joan diren ikasleak saritu dituzte gaur goizean. Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegitura diputatua, Unai Erroitzenea Aldundiko Mugikortasun zuzendaria, Oihan Tello Oiartzungo jarduneko alkatea, Ainhoa Zabalo Lezoko alkatea eta Migel Mari Torrea Pasaiako Gazteria eta Kirol zinegotzia izan dira besteak beste sari banaketan.
Eskola Kirola programaren barruan aldundiak finkatutako helburuetako bat kotxeen erabilpena gutxitzea izan da. Hortaz, bi modutan saiatu da diputazioa autoa ez den beste garraio bat sustatzen: batetik, taldekako Mugi txartelak prestatu ditu, ikasleak debalde garraiatzeko aukera izan zezaten; eta bestetik, bizikletaren erabilera sustatzeko zenbait jarduera antolatu ditu.
Horiek horrela, bizikletan, garraio publikoan edo oinez joatea maizago erabaki duten ikasleak Oiartzungo Elizalde herri eskolakoak eta Haurtzaro ikastolakoak izan dira eta zegozkien sariak jaso dituzte. Baina horrez gain, denen lana eta ahalegina saritze aldera, bizikleta gehien erabili dituztenen artean 4 bizikleta, patinete bat eta bizikletentzako 200 argi eta 200 txirrin banatu dituzte.
Diputazioak emandako datuen arabera, “joan-etorri gehienak autoz bakarka egiten diren arren, %45a mugikortasun iraunkorraren bidez egin dira (oinez, bizikletaz, garraio publikoan eta auto partekatuan). Horietatik, %47 oinez, %44 auto partekatuan, %6 garraio publikoan eta % 3 bizikletaz” egin dira.