Tabuak
Taboo izeneko mahai-joko mitikoan, tabu direnak hitzak dira, baina gaiari buruz hitz egin daiteke. Horrela jokatzen da, hain zuzen, taldekideek hitz sekretua asma dezaten saiatuz, baina tabu diren hitzak erabili gabe. Tabuek hitzak soilik izateari uzten diotenean amaitzen da jokoa.
Askotan entzun dut galdera bat, inoiz erantzun ere egin behar izan dudana: Euskal Herrian politikaz lasai hitz egin daitekeen ala ez. Gaia lotsagarriro sinplifikatuz eta betikora eramanda, independiente izatea komeni zaigun ala ez zenbatetan eztabaidatu dugu lasai lagunartean, iritzi ezberdinetako jendearekin? Ez ditut asko oroitzen. Gogoan dut, ordea, duela urtebete pasatxo, Eskozian nengoela, bi eskoziarren arteko eztabaida. Hasiera batean bakoitzak iritzi argia erakutsi zuen: bat independentziaren alde, bestea kontra. Eta gauzak zer diren, aldekoak azkar seduzitu (barkatu, aditzik egokiena zela iruditu zait. Hara, beste hitz tabu bat!) zuen unionista. Eta honek arazorik gabe onartu zuen: «Aizu, ba konbentzitu nauzu!». Ez zait askotan tokatu Euskal Herrian halako debate baten lekuko izatea. Tira, besterik da gure persuasio-ahalmenak zenbaterako ematen duen.
Gai tabuei edo debate isilduei buruz ari garela eta, kasualitatea, Irungo San Martzialak gainean ditugu. Eusko Jaurlaritzak Hondarribian burutu berri duen inkesta batek datu esanguratsuak utzi dizkigu: herritarren %43k emakumeek alardean parte hartzearen aldeko jarrera erakutsi dute, modu batera edo bestera, eta %42k defendatu dute alarde tradizional eta bakarra, emakumeak kantinera izatera mugatuz. Portzentajeak horrela erakustea apur bat tranposoa da, azken aukera hau izan baita, alde handiarekin, babes handiena jaso duena. Eta Irunen horrelako ikerketa bat egingo balitz?
Nire adineko gazte ezagun batekin egin nuen topo San Juan gaueko ordu txikitan, eta hasi zitzaigun laguna eta bioi «emakumeak alardean!» oihuka. Ez zen babes oihua, hasieran uste nuen bezala; burla egitea zuen xede. Saiatu nintzen nire ikuspuntua argudiatzen, bai banekien ordurako zeri buruz idatziko nuen hemen, eta ea zerbait ateratzerik zegoen. Baina berak ez zuen hitz egin nahi, jakina. Aldaketarik nahi ez duenak ez du eztabaidarako beharrik ikusten, eroso dago daukanarekin. Morroi horrek eta biok lagun batzuk ditugu komunean, eta horiek ere alarde tradizionalean atera arren, atsegin agurtzen nautela esan nion, eta ez duela zentzurik etsaitasun hori bultzatzen jarraitzeak. Atsekabetu egin zen lagun horien epelkeriagatik, eta handik gutxira egin zuen ospa.
Hitz egingo al zuen tipo horrek inoiz gatazkari buruz? Hitz egingo al du berriro? Betiko betikoak betirako al dira betiko? Zer dago hitz egiteko? Noren artean? Noren iniziatiba behar luke izan? Bien bitartean, gure bandoko jendearekin bakarrik eztabaidatuko dugu, beste bandokoak zeinen gaiztoak diren behin eta berriro errepikatuz.