Majestik enpresak Oarsoaldeko, Bidasoko eta mundu osoko Inauterietarako materiala egin du
‘Priscilla’ gaiarekin eginiko karroza
Irun, Pasaia, Oiartzun, Errenteria-Orereta edo Hondarribiko konpartsen eta ikastetxeetako ikuskizunetako jantziek, nahiz horiek erabiltzen dituzten karrozek, badute jatorri bat: Pasaia. Bertako Majestik enpresak, azken hamarkadetan egin duen bezala, gogor lan egin du Inauterien barruko eskari guztiei aurre egiteko, eta egunotan ikus daitezke kalean horiek guztiak. Frozen pertsonaiatik hasita, Trapujalera; askotariko mozorroak egin dituzte Majestik-en.
Inguruan bakarrik ez. Aguilas eta Lorcan (Murtzia, Espainia), Cerdanyola del Vallesen (Katalunia), edo Errioxako hainbat herritan ere Pasaiako enpresak Lezon duen egoitzan eginiko karrozak eta jantziak erabiliko dituzte. Gaiak, askotarikoak: Veneziako Inauteria, Moulin Rouge, Aztekak, Priscilla… “Aurreko urteetako krisi ekonomikoaren zailtasunei aurre eginez, aurten, eskarien kopurua handitu egin da. Antxon dugun dendan nahiz Lezoko tailerrean iaz baino lan gehiago egin dugu”, esan du enpresaren kudeatzaile Iñaki Becerrak