Pasaiak badu aurrekontua
EH Bildu eta Ezker Anitzaren arteko akordioari, osoko zuzenketa banarekin erantzun diote, PSE-EEk, EAJk eta PPk; alkatearen kalitatezko botoarekin atera ditu aurrekontuak aurrera udal gobernu taldeak; Proisa ordenazioan txertatzeko mozioa aho batez onartu dute.
“Udalerriaren beharrak ez erantzun izana” argudiatu du PSE-EEk aurrekontu proposamena ez babesteko; EAJk “berandu iristea, baina batez ere orekatua eta zorrotza ez izatea” argudiatu du, eta PPk, aldiz, “ekonomia eta enplegua berpizteko politiketan hutsunea”. Horiexek oposizioko alderdiek udal gobernu taldeak atzoko plenoan defendatutako aurrekontu proposamena ez babesteko erabilitako argudio nagusiak.
Osoko zuzenketa aurkeztu zuten oposizioko hiru taldeek (EAJk, PSE-EEk eta PPk). Pasaiako Ezkerreko zinegotzi Xabier Pombok, aldiz, akordioa ahalbidetu du, eta udal gobernu taldeak bere taldearen ekarpenak bere egin dituenez, horiek erretiratu eta aurrekontua aurrera atera zezan ahalbidetu du. Honenbestez, beste urtebetez, alkatearen kalitatezko botoarekin atera ditu aurrera aurrekontuak udal gobernu taldeak.
PPren “euskofobia”
Zuzenketa partzialak eztabaidatzeko orduan, PPk aurrekontuetan enplegua sustatzeko 200.000 euroko partida berria txertatzea proposatu zuen, eta partida berrirako dirua, Euskara sustatzeko programetatik kentzea defendatu zuen, “bideratzen den dirua gehiegizkoa” dela iritzita. Sendo erantzun zion Jose Luis Sanzek PPren bozeramaileari: “ulertuko nuke zuren proposamena Pinto edo Valdemoron egotekotan, baina Pasaian bizi gara eta pasaitarrek Euskara Plana nolakoa behar duen erabakia dute”, esan zion, eta bere jarrera “euskofobia” antzeko bat egotzi zion.
PPko bi zinegotziak bakarrik geratu ziren bere zuzenketaren defentsan; PSE-EE abstenitu egin zen, eta kontra bozkatu zuten gainontzeko guztiek (Pasaiako ezkerra, EAJ, EH Bildu).
Udal plantilla eta RPTA
Aurtengo udal plantilla eta RPTA zegoen ere atzo erabakitzeko zituztenen artean, eta horiek aurrera egin zezaten ere, alkatearen kalitatezko botoa behar izan zuen udal gobernu taldeak. Proposamenaren kontra egin zuten PPk, PSE-EEk eta EAJk, eta Pasaiako Ezkerra abstenitu egin zen.
Mozioak
Proisaren aldeko plataformak defendatu zuen mozioa, berriz, aho batez onartu zuten atzo. Eraikina ordenazioan sar dezaten defendatu zuten Proisaren aldekoek, eta horretarako behar den dirua aurreikusi dezaten eskatu. Atzo, talde guztien babesa lortu zuten, baina EH Bilduk “batzuen aldeko jarreraren zintzotasuna” ezbaian jarri zuen, aldeko botoa eman arren Proisari bultzada emateko behar diren diru partidak lortzeko orduan kontrako jarrerarekin erantzun dutelako.
Gazte lokalak arautzeko PSE-EEk aurkeztutako mozioak ez zuen aurrera egin. EH Bilduk eta Pasaiako Ezkerrak ordezko bat aurkeztu zuten elkarrekin, eta azken honek egin zuen aurrera.
PSE-EEren hondakinen tratamenduan krisi ekonomikoa saihesteari buruzko mozioak ere ez zuen nahiko babesik lortu eta Pasaiako ezkerrak Hepatitis C delakoak kaltetutakoek sistema publikoan artatzeko eskatuz aurkeztutakoak, aldiz, aurrera egin zuen, EH Bilduren babesarekin.