Donibanen eta Antxon izango dira jarduerak Emakume Langileen Nazioarteko Egunaren harira
Haurtzaroko hainbat ikasle
Emakume Langileen Nazioarteko eguna indartu nahi du Harremantxo talde feministak, eta horretarako apustu berezia egin du aurten, Donibanen eta Antxon herriko hainbat eragilerekin batera martxoak 8aren inguruko egitaraua antolatuta. “Egia da, emakumeon presentzia, bisibilizazioa eta garrantziaz egunero jabetzen garela eta horretan ari garela borrokan. Baina egun hau ere aprobetxatu nahi dugu emakumeen eskubideen alde kalera ateratzeko eta aldarrikatzeko”, adierazi dute. Donibanen, Bixi-Bixi kultur elkartearekin eta Ernai gazte antolakundearekin batera antolatu dute egitaraua, eta Antxon, Basari elkartearekin. Horrez gain, Antxoko kultur etxean erakusketa jarriko du Harremantxok, herritarrek martxoak 8a gaitzat hartuta bidalitakoekin. Talde feministak jakinarazi duenez dagoeneko jaso dituzte ekarpen batzuk, baina animatzen direnek, oraindik badute tartea, astelehena bitartean lanak jasotzen jarraituko baitute.
Azkenik, Oarsoaldeko mugimendu feministak martxoak 8an Errenteria-Oreretan antolatu duen manifestaziora joateko zutabeak osatuko dituztela aurreratu dute.
Asko dago egiteko, asko gara ekiteko da aurtengo manifestazioaren leloa. “Esparru guztietako emakumeei egin nahi izan diegu erreferentzia, eta denok batera elkarrekin borrokan gaudela adieraziko dugu” zehaztu dute Harremantxoko kideek. 13:00etan aterako da manifestazioa Errenteria-Oreretako zumarditik, eta Donibane eta Antxotik bi zutabeak ordubete lehenago, 12:00etan. Manifestazioa bukatuta ekitaldi berezia izango dela iragarri dute.
Egitaraua:
Donibane
Martxoak 6, ostirala
- 16:00: mural margoketa, frontoi parean.
- 19:30: triki-poteoa.
- 21:00: bertso saioa, Itziar tabernan, Nerea Elustondo eta Nekane Zinkunegirekin.
Martxoak 11, asteazkena:
- 19:30: Harreman tailerra, Victor Hugo etxean.
Antxo
Martxoak 5, osteguna:
- Herritarren lanekin, Kamio tabernan. Martxoaren 12ra arte izango da ikusgai.
Martxoak 7, larunbata:
- 19:30: poteo morea. Morez janzteko deia egin dute.
- 21:30: afari feminista Basarin. Txartelak Leundan salgai, ostegunera arte, 10 euroan.