Lezoko EAJko zinegotziak
Legealdiaren balantzea egin du Lezoko EAJk, eta Bilduk agindutakoak ez dituela bete ondorioztatu du. Hirigintza arloan 2011ean aurkeztutako proiektu nagusiak ez dituela gauzatu koalizioak esan du Kepa Garbizu, EAJko bozeramaileak, eta horien adibideak eman ditu: “Bilduk onartu zuen eraikuntzaren burbuilak eragindako geldialdiak kredituen ematea geldotu zuela eta horrek, Lezori ere eragiten ziola. Egoera berriaren jakitun izan arren, Olazar eta Isasti Plazan 134 etxebizitza eraikiko zituztela iragarri zuten. Era berean, Errenteriako Udalarekin batera Altzaten etxebizitzak eraikitzeko proiektuari berriz ekingo ziotela esan zuen, Lezon babesturik 20 etxebizitza eraikiz. Legealdiko proiektu nagusi modura berriz, Aralar kalean gazteentzako 50 apartamentu eta haurreskola eraikitzeko asmoa azaldu zuten”.
“Atez atekoa lehentasun”
Gaintxurizketako triangeluaz ere mintzatu da Garbizu. “Iturrin bezalako zaharkitutako industrialdeak berritzea, eta enpresa berriak herrian jartzeko industria lurzorua ere agindu zuen Bilduk. Legealdi osoa beteta, proiektu hauetatik bat bera ere ez da bete”, salatu du Garbizuk. Bilduri “kea saltzea” leporatu dio jeltzaleak eta koalizioaren lehentasuna “atez atekoa inposatzea” izan dela gaineratu du, “baliabide eta energia guztiak horretara bideratu ditu, lezoarron benetako arazoei kasurik egin gabe”.