Eskola Agenda 21en barruan herriko ikastetxeetako kideak jateko ohituren azterketa egiten ari dira
Besteak beste, elikagaien jatorria zein den aztertzen ari dira
Lehenengo ikastetxeetan, ondoren herrian. Elizalde Herri Eskolako, Elizalde Institutuko eta Haurtzaro Ikastolako kideak elikaduraren gaia aztertzen ari dira ikasturte honetan, Eskola Agenda 21 egitasmoaren barruan. Ikastetxeko lanak bukatuta orain, jateko ohituren berri jasotzen ari dira herriko saltoki, taberna-jatetxe, edo kiroldegian bertan, herriko ikuspegi orokorra izateko.
Azterketa bakarrik ez. Izadi 21 aholkularitza enpresaren laguntzarekin, elikaduraren inguruko sentsibilizazio kanpainak ari dira egiten ikasleak. Adibidez, Haurtzaron, zentzumenen jolasa egin dute, baita elikagaien jatorria aztertu ere.
Egingo dituzten guztien ondorioak aterako dituzte ikerlari gazteek. Eta ondorio horiek ikastetxeetan edo herrian zer hobetu daitekeen proposatuko dute. Gainera, ikasturte bukaeran egin dutenaren berri emango diete udaleko ordezkariei.