Euren jardunean euskararen presentzia areagotzea adostu dute hitzarmenaren bidez egitasmoarekin bat egin duten elkarteek
Hitzarmena sinatu duten elkarteetako ordezkariak
Lezoko elkarteen jardunean euskara sustatu nahi du udalak eta horretarako, hitzarmengintza egitasmoa abiatu du. Bederatzi elkartek egin dute bat eta gaur eguerdian bertan sinatu dituzte hitzarmenak. Lezoko Udalak bultzatutako egitasmoa, Ttakun elkarteak kudeatuko du eta horren arabera hainbat konpromiso hartu dituzte parte hartuko duten elkarteek euskara sustatzeko egunerokoan. Udalak eta Ttakunek, bitartekoak jarriko dituzte elkarte horien errealitatea euskaldunagoa bilakatzeko bidean.
Jarduera iraunkorrak eta haur eta gazteekin harremana duten elkarteengana jo duela lehenik udalak azaldu du Mikel Arruti, Euskara zinegotziak. Horien diagnosia egin zuten lehenik errealitate soziolinguistikoa ezagutzeko eta ondoren elkarteka konpromisoak hartzen joan zirela gaineratu du: “Egoera ezberdina da elkarteetan. Kasu batzuetan jardun osoa euskaraz egiten dute eta besteen kasuan berriz, gaztelera da nagusi. Elkarte bakoitzaren errealitatea kontuan hartuta, bakoitzaren neurrira hainbat helburu adostu da”.
Txerrimuño, Gaxuxa Emakume Taldea, Allerru Futbol taldea, Tip Tap Clap elkartea, Etxandi Pelota, Aiton Borda, Hezikuntza-Zubitxo Guraso Elkartea, Gazte Asanbladak eta Murixka Dantza Taldeak sinatu dute hitzarmena udalarekin euskara sustatu eta presentzia handiagoa emateko euren elkarteetan.