“Oso poetikoa da antzezlana, hitz egiteko moduagatik zein estrukturagatik”

idoia beratarbideSu izan nahi lana taularatuko du Metrokoadroka kolektiboak Oiartzungo Antzerkizale Taldeak antolatuta. Idoia Beratarbide, Javi Barandiaran, Ander Fernandez, Asier Sarasola eta Oier Guillan ikusiko ditu ikus-entzuleak aretoaren aurrealdean, diziplina desberdinak uztartzen dituen antzezlana interpretatzen.

Beratarbidek “irekitzea” eskatu dio Oiartzungo publikoari, “gauza desberdinak ikustea ongi dagoelako”. Igande honetan (hilak 26) izango da emanaldia, udaletxeko areto nagusian, 19:00etatik aurrera.

Idoia oholtza gainean aktore lanetan ikustea ez da oso ohikoa.
Egia esan oholtza gainean denbora bat badaramat, poesia errezitatzen zuten bitartean ni oholtzara igotzen nintzen margotzera. Orain desberdintasuna dagoela egia da, beste pauso bat dagoela esango nuke, pixkanaka aldatzen joan da lehen egiten nuena. Aurreko emanaldian, Pozan, marraztu egiten nuen, Idoia bezala; izan ere, guk ez ditugu pertsonaiak sortzen, taldekoak gu geu gara, gure izen eta abizenekin. Pozan koaderno batekin egoten nintzen marrazten eta nire burua aurkezten nuen marrazkilari bezala, baina hor pauso bat eman zen antzerkira gehiago gerturatzen zena. Oraingo antzezlanean ez nago marrazten, beste pertsonaia bat gehiago naiz. Beste antzezlan batean aktore bezala lan egin beharko banu ez nuke jakingo, hona iritsi naiz garapen bati esker.

Diziplina artistiko desberdinak uztartu dituzue. Hori nola gauzatuko duzue?
Hau ere eboluzio bat izan da. Talde bezala diziplina desberdinekin egin dugu lana beti; Oier eta Asier idazketatik datozenak dira, Javi aktorea da, Ander musikaria eta ni marrazkilaria. Gure aurreko ikuskizunetan banatuagoa egon da hori, oso argi geratu da zein den marrazkilaria, poesia idazten eta errezitatzen dutenak… Emanaldi honetan guztia fusionatuagoa egotea lortu dugu.

Nola definituko zenuke Su izan nahi?
Poetika asko du, oso poetikoa da, hitz egiten dugun moduarengatik eta estrukturatua dagoen moduagatik, ez dagoelako modu narratiboan estrukturatua. Musika badago eta estetiko ere nahi bat badago.

Norberaren egian oinarritutako presentzia eszenikoa bilatu nahi duzuela diozue.
Pozako emanaldian horretan saiatu ginen, kontatzea guretik eta ez sortzea pertsonaiarik. Egia da oholtza batera igotzen zarenean beti egiten duzula pertsonai bat, baina gure gertakizunetatik abiatzen gara, guri gertatu zaizkigun gauzak kontatzen ditugu. Momentu batean jendeak duda egin dezake prestatua den edo ez, naturaltasun hori badago eta horrek zintzotasuna ematen dio ikusleari.

Inprobisazioak tokirik badu?
Zer edo zer badu, baina publikoak sentsazioa izango du hau edo beste ez dagoela gidoian idatzita.

Oiartzungo emanaldia laugarrena izango da. Beste emanaldietako erantzuna zein izan da?
Durango egin genuen estreinaldia eta ondo, gertatzen dena da Durangokoa oso areto handia da. Zubi ekimenaren barruan prestatu dugu emanaldi hau eta Zumaiak eta Durangok eskaini ziguten espazioa prestatzeko lan hau, orduan estreinaldia Durangon egin genuen.

Areto oso handia da eta gure lanak gertutasuna eskatzen du, baina gu oso pozik gelditu ginen. Estreinaldi guztietan bezala urduritasunak hor daude, erritmo falta ere sumatzen da… baina jendeak gauza oso positiboak esan zizkigun. Kontrara, hurrengo egunean Azkoitiko Matadeixan eduki genuen, gaztetxean, eta publikoa metro batera duzu, espazioa txikia da. Hor beste sentsazio batzuk dituzu, gertutasun horrek beste bizitasun bat ematen dizu.

Oiartzungoak Azkoitikoarekin antza gehiago izango du.

 

 

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend