«Pertsona konprometitua naiz, eta halakoa da nire lan egiteko modua»
Ander Iriarte zinema zuzendariari elkarrizketa
«Ideologia zehatz bat dudan arren, presioa egiteko gaitasuna izatea gustuko dut» «Gizartearen iritzia ez da bapatean aldatzen, denbora behar da horretarako»Zirikatzea gustuko duzula esan duzu. Baina hori egiteak zure kontrako jarrerak sor ditzake, kritikak. Kritikak jasotzen baditut, eta fundamentatuak badaude, zer arraio, ondo. Ez dakit zerk egin diezaidakeen min, baina batez ere ez dut gustuko jendeak, nire lan bat ikusi aurretik, esatea zertaz doan lana. Aurreiritziak izatea, alegia; kritika bat oztopo izatea pertsona batek nire lana ikusteko. Baina orain arte min handirik ez duzu izan, hau da, kritika onak jaso dituzu edonon. Ez beti. Echevarriatik-Etxeberriara lanean esan zidaten Antonio Echevarria alkate frankistaren familiarekin ez nintzela harremanetan jarri euren testigantza jasotzeko. Horrek min egin zidan, izan ere, dokumentala ezker abertzalearen iritzia jasotzeko zela argi esan nuelako era batera eta bestera, eta kritika horrek min egin zidan aurrez esandako zerbait aintzat ez zelako hartu. Ezker abertzalearen ikuspuntua azaltzeko zen lan hori; beste aldea ez dut ezagutzen, eta ziur badituztela gauzak esateko, baina nik ez nituen bertan jaso nahi. Eta etxekoen kritikak? Echevarriatik-Etxeberriara egiten hasi nintzenean anekdota bat izan nuen aita eta amarekin. Autoan gindoazen batean, nik dokumental hori egiteko asmoa nuela esan nien, zer egin nahi nuen azaldu nien. Biak zuri-zuri jarri ziren, bakoitza arrazoi ezberdinengatik. Amaren beldurra zen Oiartzun den bezalakoa izanda, eta genituen esperientziak izanda, ni horretan sartuz gero beharbada ez nintzela izango ongietorria herrira. Nire aitaren beldurra bestelakoa zen: hark gauza guztiak eta gai guztiak mahaiaren gainean jartzeko egindako esfortzua berriz ere hutsalean geldituko zela uste zuen, eta horrek nigan frustrazioa sortuko zuela. Biak oker zeuden. Bai, eta harro daude egindakoaz.
«Nik taldeetan sinesten dut, sinergietan, elkar elikatzean» «Une ona bizi dugu kultur arloan Oiartzunen, eta eskualdeanEchevarria-Etxeberria lanaz. Herriaren harreraz hitz egin duzu. Oiartzunen gertatutako bi anekdota kontatu nahi ditut herriaren harreraz. Batek harridura sortu zidan, besteak malkoak isurarazi. Lanaren estreinaldiaren egunean Gara egunkarian elkarrizketa egin zidaten, eta taberna jakin batean pertsona bat ikusi nuen elkarrizketa hori irakurtzen. Nabaritu nuen nola kamareroak bezero hura begiratu, eta keinu bat egin zuela esanaz bezala ‘bai, bera da’. Orduan bezeroa altxa zen mahaitik, eta euskaldunen modura periodikoa mahai gainera bota, eta bizkarrean bi kolpe eman zizkidan, esanaz bezala ‘earki hitz egin dek, txikito’. Bestea? Dokumentaleko partaide bati, ez dut izenik esan nahi, supermerkatu batean beste herritar bat hurbildu zitzaion. Esan zion: ‘ikusi zaitut dokumentalean. Barkatu orain arte hitzik ez gurutzatzegatik. Jakin ezazu hemendik aurrera ez dizudala inoiz ere agurra ukatuko’. Hori kontatu zidatenean, malkoak atera zitzaizkidan. Horregatik bakarrik merezi izan du lan hori egiteak. Maiatzaren 15ean Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean, Madrilen eta Bartzelonan estreinatuko duzu Echevarriatik-Etxeberriara zinema aretoetan. 2014an estreinatutako lana da, baina iritziak aurretik jaso zenituen. Bertan jasotzen direnek ba al dute baliorik egun, jakinda ordutik Euskal Herriko politikan gauza asko gertatu direla? Bai, indarrean dago bertan jaso nahi nuen mezua, eta gainera uste dut horretan esaten direnak digeritzeko gaitasun handiagoa duela egun jendeak. Esaten ziren gauza asko gaur egun ezker abertzalearen diskurtso ofizialaren parte dira, nahiz eta duela bi urte, lanerako elkarrizketak egin nituenean, sekulako materiala nuela iruditu zitzaidan, ‘zer esan du honek! Zer da hau’, pentsatu nuen hainbat grabazio bukatu eta gero. Esan nahi dut, denborak ez diola baliorik kendu bertan esaten direnei. Ezker abertzaleak, guk, diskurtsoa aldatu dugu, baina gizartearen iritzia ez da bapatean aldatzen, denbora behar da horretarako. Ikus-entzunezkoen munduan zerbait egiteko, Euskal Herritik atera behar da? 18 urterekin kanpora atera nintzen, atera nahi nuelako. Gero Bartzelonan eskola oso on batean egon nintzen ikasten, baina egin nahi nituen gauza guztiek Euskal Herrian zuten zentzua. Hau da nire lekua. Baina hala ere, hemendik irtetea ona dela uste dut. Koadrilaren gaia jarriko dut adibide. Koadrila oso baliagarri da, oso gustura nago nire koadrilan, eta hemendik kanpo koadrilek dituzten balioak asko goraipatzen dira. Baina arnasa hartzea ere ondo dago. Ez dago urrutira joan beharrik egunerokotasunarekin pixka bat hausteko, gauzak ezberdin ikusteko. Zuzendaria zara. Baina egitasmoak aurrera ateratzeko denetik egin behar duzu. Artistaren lana zaila da. Orson Wellesek esan zuen margolaria izateko brotxa behar dela, idazle izateko luma, baina zinema zuzendari izateko ejerzito bat behar dela. Zure kabuz dirua mugitzeko, negozioak egiteko, laguntzak lortzeko zailtasun handiak daude. Handiak oso erraz mantentzen ari dira, akomodatzeraino. Baina sortzaile berriek tokia egiteko sekulako oztopoak dituzte. Oiartzunen kultur mugimendu ezberdin bat sortzen ari al da, zurekin, John Berkhout-ekin, Dei Gaztelumendirekin, Kote Camachorekin? Kote ez dut ezagutzen, baina besteengatik esan dezaket elkarrekin ibiltzen ginela, eta kulturari buruz asko hitz egiten genuela elkarrekin. Nik taldeetan sinesten dut, sinergietan, elkar elikatzean. Badago belaunaldi bat ari garela lanean, eta elkar elikatzen dugu zentzu batean. Velvet Underground antzeko mugimendu bat Oiartzunen? [Barre egin du]. Edo Oteizak, Basterretxeak, Txillidak eta abarrek sortu zuten Gaur mugimenduaren pareko ginake! Ez, ez. Hainbesterako ez gara, baina errepikatuko dut, talde lanean sinesten dut. Oso zaila da bakartasunean gauzak egitea. Une ona bizi dugu kultur arloan Oiartzunen, eta eskualdean. Aurrera begira, zer? Co-working tailer bat sortu nahian nabil herrian, elkarlanaren ideian sakontzeko. Produktora bat ere sortzeko bidean dago, Mirokutana izenekoa, gazteei bidea egiten laguntzeko.