Krosa, herri kirolak, serigrafia eta askotariko tailerrak izango dira Lezo Herri Eskolako jolastokian
Lezo Herri Eskolako jolastokiak hartuko du egitaraua
Lezo Herri Eskolak,
institutuak eta Haurtxo haur eskolak eskola eguna ospatuko dute larunbatean. Egun osoko egitaraua prestatu dute jiaren harira, eta ikasle zein guraso guztiak animatu dituzte eskolara hurbildu eta jaiarekin bat egin dezaten.
Goizean goiz hasiko dira, 9:00etan hain zuzen ere jai egitarauarekin. Diana egingo dute kaleetan barrena. Ordu erdi beranduago lasterka zabalduko dute ikasleek jai giroa herriko kaleetan barrena, urtero bezala krosa egingo baitute. Lezo Herri Eskolan bertan tailerrak, serigrafia, ikasleen lanen erakusketa eta herri kirolen dema ere izango da goiz guztian zehar.
Horiek amaituta eskolako abesbatzak emanaldia eskainiko du eta
flasmoba ere antolatu dute nahi duen orok parte har dezan. Erromeriarekin amaituko dute goizeko egitaraua.
Arratsaldean musika nagusi
Bazkariaren ostean musikaren txanda helduko da. Eguraldi onarekin herri eskolaren jolastokian egingo dituzte ekintza guztiak, eta eguraldi txarrarekin berriz kiroldegiko kantxan egingo dituzte goizeko ekintzak. Lezoko ikastetxe publikoen hezkuntza komunitateak ikasle ohi, egungo ikasle zein gurasoak, eta Lezoko zein Donibaneko herritarrei luzatu die jaian parte hartzeko gonbitea.
Egitaraua
- 9:00etan: Diana
- 9:30ean: Krosa herrian zehar
- 10:00etatik aurrera: Lezo Herri Eskolako jolastokian tailerrak, erakusketa, serigrafia, altxorraren bila…
- 11:00etatik 12:30era: Herri kirolak jolastokian txiki eta helduentzat.
- Jarraian emanaldiak eskolako abesbatzarekin eta dantza.
- 13:30ean: Eskolako jangelan txikien bazkaria. Bitartean helduentzat erromeria eta toka txapelketa.
- 14:30ean: Eskolako jangelan helduentzako bazkaria.
- 14:30ean: Jolasak eta karaokea haurrentzat.
- 16:30etik aurrera: Musika.
- 19:00etan: Denak bildu eskola garbitzeko.
Egunean zehar Euskara Talaia eta Elkarbizitza Behatokiaren guneak zabalik.