Gipuzkoako egurrezko azken atun ontzia txikitzera ez eramateko egitasmoak arrakasta izan du. Izena Oiartzungo 'Ozentziyo' baselizatik hartua da.
Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda
Ozentzio atun ontzia da. Jada ez dago aktibo, hau da, hegaluze gehiago ez ditu hartuko. Horrela darama bolada luze bat, Donostiako kaian ainguratuta, iazko azarotik zehazki. Izan ere, orduan utzi zion itsasoa harrapakin bila zeharkatzeari, arrantzaren sektoreak bizi izan duen krisialdiak eta urte askoko lanak eragin gogorra izan zuelako ere ontziaren jabeengan, Donostiako Puerta familia. Geldirik egonda, bazirudien etorkizunerako bide bakarra zuela: txikitzea, ontzien desegiteko planta batera eramatea, Europako Batasuneko legeek ez dutelako uzten horrelako ontzi bati arrantza lizentzia berriz ere ematen. Baina ez da horrela izango, Pasaiako Albaola Itsas Kulturaren faktoriari esker, besteak beste.
Izan ere, Albaolako kideek esan dutenez, Donostiako moilako ikurra da
Ozentzio. Egurrez egindako eta bizirik irauten zuen azken hegaluze ontzia da, eta Euskal Herrian modu tradizionalean eraikitako azkenetakoa: soilik arrantza era artisauak eta jasangarriak erabili izan zituen jardunean izan zen 30 urteetan. Eta jakina den bezala Albaolakoen helburuetakoa itsasoko ondarea berreskuratzea, eta dagoenari balioa ematea denez, ontzia salbatzeko egitasmoaren buruan jarri ziren faktoria pasaitarreko kideak. Esan eta egin.
Aurreko astean Albaolak iragarri zuen 1990an Lekeitioko Mendieta ontziolan eraikitako ontziak bigarren bizitza izango duela, estuki arrantzaren nahiz ontzigintzaren sektoreari lotutakoa: bertan arrantzaleen lanaren dibulgazio lana egingo da, eta aldi berean, Gipuzkoako hiriburuaren kultur ondarearen zati izango da, hiriko beste agente batzurekin elkarlanean edukiekin betez.
Baina Albaolako itsas ondare teknikari Mikel Leozek HITZA-ri esan dionez, Jesus Puerta ontziaren armadorearen ekimenez izan ez balitz, ez litzateke dena aurrera eraman ahal izango, «hark erretiroa hartu zuenean ontzia txikitzera ez zuela eraman nahi esan zigun. Donostiako kaiko arrantzaleak ere uste horretakoak ziren. Lanean hasi ginen».
Jesus Puerta Donostiako arrantza familia entzutetsu baten azken eredua da; bere familiako lau belaunaldi itsasoan lanean ibilitakoak dira, eta hori guztia ez zuen nahi egun batetik bestera galtzerik nahi Puertak. Horregatik jarri zen harremanetan Albaolako kideekin, memoria gal ez dadin.
Oarso Bidasoarekin lotura
Donostian egongo den arren, Oarsoaldearekin eta Bidasoarekin lotura estua du
Ozentzio salbatzeko egitasmoak. Horren buru Albaola izanda, ontziak txikitzeko gunera ez eraman izana itsas ondarearen faktoriaren nahiz Puerta familiaren meritua da, baina laguntza izan du zeregin horretan. Leozek aipatu duenez, Irizar autobusgintza konpainiarena, «hark finantzatu du egitasmoaren zati bat».
Baina ez hori bakarrik. Heziketa arloan bultzada emango dio atun ontziak garai bateko arrantza jardueraren ezagutzari. Eta zeregin horretan lanean aritzeko konpromisoa emana dute Pasaiako Blas de Lezo Itsasoko Institutuak, eta Irungo Bidasoa Goi Berariazko Lanbide Heziketarako zentroak. Hitzarmena sinatu dute bi hezkuntza guneek Albaolarekin, hegaluzea arrantzatzen zuen ontzia edukiz betetzeko, eta aldi berean, Bidasoko zentroan egurraren teknologiaren gaia lantzen dutenez, heziketa prozesuan lagungarri izateko.
Oarso Bidasoarekin badu beste lotura bat ontziak, izenarekin harremana duena. Ozentzio, oiartzuarrek esaten duten bezala
Ozentziyo, udalerri horretako Iturriotz eta Karrika auzoen artean dagoen baseliza bat da. Mikel Leozek Donostiako ontzi horrek zergatik jaso zuen izen hori azaldu du: «Jesus Puertas ermita horretan ezkondu zen. Horregatik jarri zion ontziari
Ozentzio izena».
Izenak zortea eman zion ontziari, itsasoarekin borrokatu behar izan zuenean, beti irabazle atera zelako.
‘Mater’ eta ‘Mariñel’
Pasaian bada
Ozentzio-ren antzeko funtzioa betetzen duen beste atun ontzi bat, Mater itsasontzi museoa, Itsas Gela elkarteak kudeatzen duena. Azken urteetan bertatik ehunka haur, gazte eta heldu pasatu dira itsasoari lotutako jakintza jasotzera. Horrek Pasaiako badiari aberastasuna besterik ez dio ekarri ontzian bertan eta Getariako jatorria duen ontzitik kanpo ere hamarnaka jarduera egin dituztelako , hortaz, litekeena da aberastasun hori Donostiara zabaltzea ere.
Hondarribian, berriz, Mariñel legatz ontzi izandakoa lehorrean dute Benta Zaharrean. Boluntario talde batek, Sustraia taldeak, kudeatzen du ontzia berreskuratu ondoren, eta bertara nahi duenak bisitak egin ditzake, Sustraiako kideen azalpenak entzuteko, hortaz, Hondarribiko arrantza ondarearen zati baten berri izateko.
Taldeko kideek, baina, ez dute horretan gelditu nahi. Beste arrantza ontzi bat berreskuratzeko asmoa dute.