Berria da politika aktiboan Nerea Gonzalez Bastardo.
Pasaiak Ahal Du-ren zerrendaburua, 37 urte ditu, eta herritik kanpo urte mordoa egin dituen arren, Trintxerpera bueltan da. Gogotsu dago, udaleko kudeaketan protagonista izateko irrikaz.
Ordezkaritza lortuz gero zeintzuk izango dira Pasaiak Ahal Du-ren lehentasunak?
Zorra nondik datorren jakiteko auditoria bat eskatuko dugu. Jendeak ez daki nora doan bere dirua. Guk jendeari hori azaldu nahi diogu. Kontuak argitu nahi ditugu, jendeak jakin dezan bere dirua non dagoen. Gure ustez, hori oso garrantzitsua da. Zorra dago, eta ez dakigu zer dela eta. Gardentasunak erabatekoa izan behar du.
Hondakinen gaian zein da Pasaiak Ahal Du-ren iritzia? Zer jarrera hartuko duzue?
Ez da erraza. Gu ekologistak gara, baina inposizioa ez dugu gustuko. Kontsulta egin behar da, loteslea. Galdeketa nahitaezkoa da. Jendeak esan behar du nola bizi nahi duen. Entzun behar dugu jendeak zer nahi duen. Kontsulta egin aurretik, astebetez, jendearen zalantzak argitzeko saio informatiboak egingo genituzke, gaian adituekin. Ondoren kontsulta egingo dugu.
Balizko kontsulta horretan, zehazki, zer galdetuko zenukete?
‘Atez atekoa nahi duzu, bai edo ez?’ eta ‘Atez atekoaren aldekoa bazara, zer nahi duzu, gaur egun dagoen sistema bera mantendu edo moldatu?’ Hainbat sistema daude, eta ikasi behar dugu. Jendeak sistema horiek guztiak ezagutu behar ditu, eta ez bakarrik esekitokiak. Hemen jende oso zaharra bizi da, eta batzuek ezin dituzte hondakinak egunero jaitsi. Arazo handiak daude, etxe askotan ez daude igogailuak; Garbitxokoak, jende askori, urruti geratzen zaizkio. Hemengo azpiegiturak ez dira onak esekitokiak jartzeko.
Sagutxoak, zikinkeria lurrean, usaina,… jendea nekatuta dago herriaren itxurarekin. Donibanen poltsak eta pintxoak ikustea mina ematen du, Donibane oso polita delako.
Prozesu hau, kontsulta gabe, oso arriskutsua iruditzen zait. Kontsumo ohiturak aldatzeko lan egin behar da, baina ezin dena onartu da jendeari bere etxean bereizteko eskatu eta horretara mugatu. Jendea kontzientziatu egin behar da.
Jendeari entzun behar zaiola diozu. Pasaiak Ahal Du zein bide aurreikusten ditu herritarren parte-hartzea bermatzeko?
Zaharrak ahaztu ditugu eta ez dugu ohitura beraiekin hitz egiteko; jende gaztea berdin, eta beraiek ere bizi dira hemen, eta zerbait esan beharko dute, ezta? Guk, plenoan eta gure bileretan jende horrekin kontatu nahi dugu, beren hitza oso interesgarria eta inportantea delako. Ez ahaztu hemen denak bizi garela, eta elkarrekin parte hartu behar dugula gauzak aldatzeko. Etxetik ezin dira gauzak aldatu, eta jendeak horretaz jabetu behar du.
Jendeak uste du, behin botoak eskuratuta, politikoek nahi dutena egiten dutela beti, eta horregatik ez dute parte hartzen. Baina ohitura horiek aldatu behar ditugu, eta parte hartu. Nire herria da, nire bizitza, eta nik erabaki behar dut nola nahi dudan bizi.
Demokrazian bizi gara, eta auzoko jendea gara. Denok ezagutzen dugu elkar eta denok dakigu zer gertatzen den gure herrian. Atez atekoa eta aparkaleku eskasia ez dira arazo bakarrak. Gauza piloa daude konpontzeko.
Zeintzuk dira, zuen ustez, Pasaiak gaur egun dituen arazorik larrienak?
Parkeak, ikastolak, haur eskolak… hemen (Trintxerpen) ez dago DBHrik. Donibanen saneamendua egin gabe dago. Zergatik? Ulertu ezin ditudan gauzak daude. Erantzun bakarra ezin du izan eskumena ez dela gurea. Barkatu, baina hemen jendea bizi da, eta horrelakoak ezin dira baimendu. Jendeak bere arazoak ezagutuko balitu, lehentasunak erabakiko lituzke. Antxon, adibidez, aparkatzeko txartel berrien harira, jendea haserre dago. Neurriak inposatu aurretik ezin da jendearekin hitz egin, ala?
Zer proposatzen du Pasaia Ahal Du-k kaiko Herrerarako?
Kaiko Herrera herrirako nahi dugu, baina arazoa da, ez dela gurea. Horregatik, arazoak konpontzeko eseri egin behar dugu, eta hitz egin. Hemen ez badugu lortzen arazoa konpontzen, aldundira, Eusko Jaurlaritzara, edo Madrilera joan beharko dugu, berdin zait nora, baina hau konpondu behar dugu. Ezin dugu horrela utzi, eta ezin dugu beti liskarretan ibili. Herritarren plataformek, erakundeek… denek hitz egin behar dute.
Non daude orain arte landu diren proiektuak? Zergatik ez dira aurrera eraman? Zer da URBAN proiektuaz? Zenbat urte pasatu dira ordutik? Proiektu bat bestearen atzetik, ezer ez gauzatzeko. Dirua botatzea da. Tiraderetan gordeta dauden proiektu horiek guztiak berreskuratu, aztertu eta zer den onena erabaki beharko da. Parte hartu eta denontzat zer den onena erabaki. Arazoa da ez dugula hitz egiten, eta ez dugula entzuten, eta kultura hori aldatu egin behar dugu, inposizioak gainditu eta jendearekin kontatu.
Zuen euskarazko izenak nahikoa kalapita sortu du, ergatiboaren erabilera baztertu egin zenutelako hasiera batean. Azkenean zer erabaki duzue?
Hiru asanblada egin behar izan ditugu gaia argitzeko. Prozesu demokratikoan, hasieran, k-k ez zuen irabazi. Baina, onartu behar dugu, okertu egin ginela. Akats bat da, eta zuzendu beharra zegoen. Horregatik, Puede Pasaia-Pasaiak Ahal Du, horixe da orain gure taldearen izena.