Irabazi Pasaiaren zerrendaburua Pasaiarako Plan Estrategikoa egitearen alde agertu da
Ederki asko ezagutzen du
Irabazi Pasaiaren alkategaiak udalaren egunerokoa. Eskarmentu handia du politika aktiboan, eta gogotsu ekin dio koalizioaren lidergoari, Pasaiak dituen erronkak merezi dutela sinetsita.
Zeintzuk izango dira Irabazi Pasaiaren lehentasunak datorren legegintzaldian?
Badira lehentasunezko hainbat gai: Pasaiako etorkizun ekonomiko, sozial eta kulturala zein izan behar duen denon artean erabakitzeko Plan Estrategiko parte-hartzailea; Herritarren parte hartzea arautuko duen ordenantza aprobatzea. Horrez gain, nahitaezkoa da erakunde guztiekin biltzea, Pasaia politika guztien ardatz nagusian kokatzeko, promesak alde batera utzita.
Hizkuntza gutxituak aztertzeko eta berreskuratzeko toki bihurtu nahi dugu Pasaia, eta ez ditugu ahaztu nahi udalerrian zehar egiteke ditugun proiektu guztiak; Trintxerpeko goialdearen urbanizazioa, Donibaneko saneamendua, Biteri eta Gure Zumardiaren ordenazioa eta urbanizazioa, arrandegiaren eta Arraunlari kalearen urbanizazioa edota Izarra eraikina Pablo Enean.
Zuen hautagaitzaren aurkezpenean, hondakinen bilketa sisteman hainbat aldaketa egin nahi dituzuela iragarri zenuten. Zeintzuk lirateke aldaketak eta zein helbururekin egin nahi dituzue?
Garbitxoko gehiago zabaldu nahi ditugu, eta bideragarria den tokitan auzo konposta martxan jarri. Baina ez dugu ezer sakralizatzen, Europak jatorrian bereiztea derrigorrezkoa dela dioela salbu. Gaur egun indarrean dagoen sistema, merkeena eta emaitza hoberenak ematen dituena da, baina egungo %70 birziklatze tasa gainditzen duen edozein sistemaz eztabaidatzeko prest gaude. Egungo sistema nahitaezkoa da birziklatu eta ondoren berrerabiltzeko, bitarteko naturalak agortu gabe.
Pasaiarako Plan Estrategikoa defendatu duzu. Zure ustez plan horrek zer jaso beharko luke eta nola osatu beharko litzateke?
Herritarren parte hartzearekin osatu beharko litzateke, eta idatziz jaso beharko luke zein izan behar duen Pasaiaren garapenerako etorkizun ekonomikoa, baita etorkizun, kultural, soziala zein kirol arlokoa ere. Denon artean eraiki behar dugun Pasaia berriaren elementu traktoreak definitu beharko lituzke.
Herritarren parte hartzea arautzeko ordenantza defenditu duzu. Zure ustez nola sustatu beharko litzateke herritarren parte hartzea?
Uste dugu ordenantza beharrezkoa dela Pasaian herritarren parte hartzea nola artikulatuko dugun argitzeko, hau da, nola bideratuko den, nolako gaietan, edo nolako bermeekin eraman daitezkeen aurrera prozesu parte hartzaileak. Azken bi legegintzaldietan ere defenditu dugu parte hartzerako ordenantza.
Guk beste hainbat udalerrietan funtzionatzen duten ordenantzen erreferentziak ditugu, baina uste dugu herritarrek erabaki behar dutela ordenantzak nolakoa behar duen izan.
Ezin dena ulertu zera da; batzuek udalaren gehiengoak ezbaian jartzea eta inposiziotzat jotzea, baina hauteskundeak irabaztekoan kontsulta egin gabe hainbat erabaki hartzeko legitimitatea izango dutela esatea. Hau da, legitimoa da kasu batzuetan, baina ez besteetan.