Oiartzun Kirol Elkartearen emakumeen taldeak igandean hasiko du Espainiako Ligako handienen kontra jokatu ahal izateko bidearen bigarren urratsa.
OKEko neskak ligako garaipena ospatzen
Oiartzun Kirol Elkartearen emakumeen taldeak igandean hasiko du Espainiako Ligako handienen kontra jokatu ahal izateko bidearen bigarren urratsa. Lehena ligan eman zuen, Bigarren Mailako bere multzoan nabarmen lider gelditu ondoren. Orain, egiaren fasea dator, etzi eta hurrengo asteko igandean. Kontrarioa: Madril CFF.
Emakumeen Bigarren Mailako sei multzoetan onenak izan diren zortzi taldeek final-laurdenetako kanporaketak jokatuko dituzte datozen bi asteburuetan. Oiartzuni Madril CFF taldea egokitu zaio; oiartzuarrek bezala, erraz irabazi dute euren liga, 100 goletik gora sartuz.
Horregatik, antza denez Madrilgo taldea indartsua delako, eta oiartzuarrak ere oso fin dabiltzalako sasoiaren bukaeran, etzi 17:00etan Luis Aragones zelaian hasiko den partida latza izateko trazak ditu. Baina helburua, Oiartzunera emaitza onarekin itzultzea izango da, joan-etorriko kanporaketa izango baita. Hilaren 24ko Karla Lekuonako itzulikoa erabakiorra izango da
Final erdien bila
Madril CFFren kontra jokatuko dutena final-laurdenetako kanporaketa izango da. Oiartzunek hori gainditzen badu, final erdietan Kanariar Uharteetako Fermaguin eta Galiziako Olivo taldeen artetik onena izango du aurrean. Lehena pasata, bigarren kanporaketa irabaziko balu, Lehen Mailan legoke Oiartzun besteak beste Realarekin, Athletic A-rekin, Bartzelonarekin eta bestelako talde indartsuekin.