Kepa Garbizu da hilaren 24ko Udal eta Foru Hauteskundeetarako Lezoko EAJren zerrendaburua. Udalaren funtzionamendua ez da berria Garbizurentzat, izan ere 28 urtez izan da zinegotzia eta 2003tik 2007rako legegintzaldian alkate izan zen. Irisgarritasuna eta ekipamendua direla EAJren lehentasuna Lezon esan du Garbizuk eta bosgarren edukiontziaren aldeko apostua egin du bestalde, hondakinen bilketa erabakitzeko herritarren artean galdeketa egitea ezinbestekoa dela uste badu ere.
Zein dira EAJ-ren lehentasunak legegintzaldi berrian alkatetza eskuratuz gero?
Guk kezka handia daukagu irisgarritasunarekin. Irisgarritasunaren kontzeptua udalbatza honetan erabat baztertua egon dela uste dugu, ez da ezer egin. Horren harira, Donibanerako bidea lehentasuna izango da EAJrentzat. Horrekin batera malda handiak ditu herri honek eta eskilera edo zintza mekanikoak jartzea, Altamira edo Goiko plaza aldera lehentasuna da guretzat ere. Leku horiek politak izateaz gain adineko jendearentzat oso traketsak dira, eta ez da lehen aldia izango jendeak irrist egin duena bertan. Ekipamenduak ere baztertuta daude, lau urte hauetan ez da ezer egin, are gehiago, atzera egin dela esango nuke nik arlo horretan.
Aralar kalean aparkamenduetarako erabiltzen den eremuan, gazteentzat etxebizitzak egitea aurreikusia zegoen baina honako edo aurreko udal gobernuak aldatu egin zuen erabilera haurtzaindegia egiteko. Guk argi dugu etxebizitzak egin behar direla bertan.
Bestalde portuaren lursail handi samarra bada, itsasoari jandakoa. 2005. urte inguruan negoziaketan hastea planteatu genuen portuarekin eremu horretan eraikina egiteko errepiderainoko altuera izango luke eta kiroldegiko mailan geldituko lirateke. Beheko aldea portuko ekipamendua litzateke, eta eraikinaren beste solairuak aparkalekuak. Azkenean plaza bat egitea planteatzen dugu.
Irisgarritasuna eta ekipamendua dira EAJren Lezorako lehentasunak.
Hondakinen bilketa sistemak hautsak harrotu ditu Lezon. Hondakinen zein kudeaketa proposatzen du zure alderdiak?
Atez atekoa kentzea proposatzen dugu argi eta garbi. Jendea erruz mugitu zen atez atekoaren kontra egindako kanpainan, 2000 sinaduratik gora bildu eta udalera eraman ztuzten. Kasurik ez zuten egin udalean. Bosgarren edukiontzia jartzearen aldekoak gara. Uste dugu zikina dela atez atekoa, jendeak eramaten duela etxeko zaborra zintzilikario horietara beldurra duelako isunekin eta abar. Jende askok kanpora eramaten du gainera zaborra, gure kalkuluen arabera %20ak zaborra Lezotik ateratzen du. Jendea arriskatu egiten da.Hori egiteak ordenantzaren arabera sekulako isunak dituelako, 60 eurotik hasi eta 35.000 euroraino. Jendea beldurtu egin dute. Gure asmoa galdeketa egitea da, eta udalbatzak onartzea galdeketa horren emaitza. Herritarren iritzia loteslea litzateke guretzako.
Lezoarren parte hartzea nola irudikatzen du EAJ-k, eta zertarako?
Jendearen parte hartzearen gaineko ordenantza egin beharko litzateke eta arautuherritarren eta udalaren arteko harremana. Zinegotziok ez dugu aukerarik izan korporazio honekin batzordetan parte hartzeko. Hirigintza batzordea ez da bildu azken urte luzean, besteren bat lau urtetan bitan baino ez da bildu, besteren bat inoiz… Jendearen parte hartzea oso ondo dago, baino zinegotzietatik hasi behar da. Guk ez dugu parte hartzeko aukerarik izan, eta alde horretatik minduta gaude.
Demagogia egin gabe gauza asko egin daitekeela uste dut. Jendearen parte hartzea jendeak berak eskatzen du.