EH Bilduren zerrendaburuak, herritarrekin elkarlanean gidatu nahi du udala datozen lau urteetan.
Intsumisio mugimendua, IHESAren kontrako borroka… herri mugimenduan egin ditu urratsak Migel Mari Torrea sanpedrotarrak udal arduretara jauzi egin aurretik.
EH Bilduk hartutako bidearekin bat zetorrelako erantzun zuen baiezkoarekin legegintzaldi honen erdialdean proposatu zioten ardurari. Udalean eman ditu azken bi urteak eta “burokraziak jarritako oztopoen gainetik gauza asko egin daitezkeela” ikasi du. Horregatik erantzun dio baietz zerrendaburu izateko proposamenari. Erabakiak “bertigoa” eragin diola aitortuta, talde lanean sinisten duelako gogotsu ekin dio erronkari, datozen lau urtetan “bide polita egiteko” dutelako, eta “lan txukuna” egin dezaketela erabat sinistuta.
Zeintzuk dira EH Bilduren lehentasunak datorren legegintzaldirako?
Egia esan, asko dira. Lan ildoak prestatzeko azken bost hilabetetan batzarrak egin ditugu. 80 lagun inguru bildu gara batzarretan eta herrian ikusten ditugun beharrak zehazten saiatu gara.
132 proposamen zehatz jaso ditugu, arloz arlo, guztira, hogei bat ataletan banatuta: euskara, kirola, berdintasuna, aniztasuna,… horiek izango dira datorren lau urtetan izango ditugun helmugak, eta guztiak gauzatu nahi ditugu. Hala ere, barrutiz barruti, identifikatuta ditugu hainbat lehentasun. Antxon, esaterako, Antxo Eraikiz prozesuan jasotakoari jarraipena eman nahi diogu, eta Luzuriagako bigarren fasea abian jartzeko lana egingo dugu; Donibanen, saneamendua egitea da premiazkoena, eta horrez gain, Alabortzako proiektua martxan jarri, lur-jauziak konpondu eta eraikin sozio-kulturalaren bigarren faseari ekin nahi diogu. San Pedron, Proisarako eraikin berria lortzeko lana egin behar da, eta Arraunlari kalea oinezkoentzat berreskuratu nahi dugu, aparkalekuaren arazoari irtenbidea ematearekin batera. Azkenik, Trintxerpen, kaiko Herrerari eta Zirizari helduko diogu, kirol ekipamenduen hobekuntzekin jarraitu dugu eta goiko auzoak urbanizatu ahal izateko finantzazioa lortzeari ekingo diogu, aurretik mugikortasunaren azterketa sakon bat eginez.
Lan lerro batzuk ere zehatu dituzue #arigara prozesuan. Zehaztu ditzakezu?
Pasaiari dagozkion erabakiak pasaitarrok hartzea nahi dugu, eta ez geratzea interes ekonomikoaren eta gutxi batzuen esku. Herritarrak izatea protagonistak. Horregatik, parte hartzea izango da beste lan ardatzetako bat.
Zure hautagaitzaren aurkezpenean EH Bildurenatzat pasaitarrak direla aktiborik nagusiena esan zenuen. Herritarren parte-hartzea indartze aldera zein neurri aurreikusi dituzue?
Legegintzaldian zehar parte hartze prozesu asko egin dira. Azkena Antxo Eraikiz izan da, baina izan ditugu beste batzuk, San Pedron behar sozio-kulturalen inguruko beste parte hartze prozesu bat egin zen, eta Trintxerpen Zirizaren ingurukoa egin da. Parte hartzearen kultura, egia esan, nahiko berria da. Uste dut asko ikusi dugula horren inguruan azken urte hauetan. Konturatu gara emaitza oso txukunak lortzen ditugula, eta bide horretatik jarraituko dugu. Konpromisoa hartzen dugu parte hartze prozesuetatik eratorritako emaitzak, bai egin diren prozesuenak zein egiteke ditugunenak, gure egiteko. Herritarrek marraztuko dute nolako herria nahi duten.
Kaiko Herreraren blokeo egoera gainditze aldera zer aurreikusi duzue?
Azkeneko saiakera aldundiarena izan da, diru kopuru bat jarriz egoera desblokeatzeko. Guk proposamen horrekin bat egin genuen, baina ez du aurrera egin. Bide horretan jarraituko dugu. Biziberritzea aurrera eraman ahal izateko inguru hori benetan garrantzitsua dela uste dugu. Portuarekin harremanetan jarraituko dugu gaur egun erabiltzen ez dituen lur horiek guztiak pasaitarrentzat izan behar direla uste dugulako. Eremu hori funtsezkoa Pasaiak etorkizunera dituen garapen beharretarako.
Azken legegintzaldian zehar kultur mugimendu indartsuak azaleratu dira Pasaian, guztiak kultur ekipamenduetan dagoen gabeziari aurre egin nahian. Proisa, Ziriza, Luzuriaga Martxan… Iniziatiba hauekiko zein asmo dituzue?
Bai, egia da barruti guztietan badirela beharrak. Donibanen, eraikin sozio kulturala dugu. Kirol eremua martxan dago, nahiz eta oraindik ez dagoen guztiz ekipatuta, baina kulturari dagokion eremua, liburutegia eta areto nagusia, horiek egiteke daude, eta hemendik gutxira martxan jarriko ditugu. Antxon, Luzuriagako eraikina dago, eta gure asmoa da eraikina antxotarrentzat izatea eta haien esku uztea, barrutiko gizarte eta kultur beharrei erantzuna emateko, eta Trintxerpen, zer esanik ez, gauza bera Zirizarekin. San Pedron Proisako eraikina bota behar izan dugu, baina parte hartze prozesuan adostu bezala, gure indar guztia bideratuko dugu Proisa berria eraikitzeko behar den finantzazioa lortzeko. Honi lotuta komeni da aipatzea, aldundiarekin egin genuen azken hitzarmenean, Proisarentzako diru partida jaso genuela, baina Gipuzkoan oposizioan dauden taldeek–PSE-EEk, EAJk eta PPk– atzera bota dute.
Edonola ere, eraikinetatik harago, udala eta kultur eragileen arteko harremana nola hobetu aztertu dugu, eta batzorde bat eratzea proposatuko dugu, urtean pare bat aldiz elkartu eta elkarren berri izateko. Horrez gain, agenda bat martxan jarri nahi dugu, eta Pasaiako kultur mugimendu guztia saretzen saiatuko gara, askotan barruti bakoitzak bere agenda propioa izaten duelako, elkarren berri izan gabe.