Euskal Herriko zazpi otxote ariko dira Irune Balentziaga amabitxi izango duen topaketa
Otxoteen Topaketa bosgarren urtez antolatu dute Niessen elkareak eta Karnaba otxoteak, eta igandean jarri dute zita. Aurtengo ekitaldia, gainera, berritasunekin dator. Horrela, iaz baino otxote bat gehiago ariko da, eta zazpi izango dira guztira. Euskal Herriko zazpi herrialdeen irudikapena egin nahi dute kopuru horrekin, eta honako otxoteak izango dira topaketan: Karnaba (Errenteria-Orereta), Txorbela (Arrasate), Lur Maitea (Bibo), Lorratz (Gasteiz), Nayade (Irun), Aizkoa (Baiona) eta Iruñeko Gizonok. Azken horiek aurreko urteetan ere ekartzeko asmoa zuten, baina ezin izan dute.
Mendigutxia, Makazaga eta Erkis, topaketa aurkezten
Gainera, amabitxi figura sortuko dute. Karnaba otxoteko Alberto Mendigutxiak azaldu duenez, otxoteak “oso matxistak” izan dira tradizionalki, eta emakumeari presentzia eman nahi diote, bai figura horrekin, baita ere Irungo Nayade otxotea ekarriz —emakumeek bakarrik osatzen dute—.
Aurten Irune Balentziaga jarduneko Kultura zinegotzia izango da amabitxia. Mendigutxiaren arabera, berak egindako lanari aitortza egin nahi diote. “Kristoren lana egin du, eta bere lanaz gain, pertsonalki ere asko ere mugitu delako. Eskerrak eman nahi dizkiogu”, gaineratu du. Horrela, lehenengo kantuak berari eskainiko dizkiote, 12:30ean, Niessen elkartearen parean.
Goizeko izarra eta
Euskal Herriko kantak abestuko dizkiote. Ondoren, otxoteak herriko zazpi tabernatan zehar ibiliko dira. Honakoak izango dira: De Cyne Reyna, Juli, Leku Zaharra, Sindikato, Xera, Zuketz eta Maite. Taberna batzuk berriak dira, ostalariek otxoteak bertara joatea nahi dutelako.
14:30era arte ariko dira kantuan, eta ondoren denek elkarrekin bazkalduko dute. Arratsaldean, berriz, 18:00etatik aurrera kontzertua emango dute Niessen auditorioan. Dohainik izango dela nabarmendu dute antolatzaileek. Bertan Balentziaga omenduko dute, eta detailetxo bat emango diote.
Iazko “maila musikal altua” errepikatzea espero dute antolatzaileek, era errepertorioan kanta berriak ekarriko dituztela esan dute.