Piraguak alokatzeko zerbitzua ere martxan jarriko dute, orduka ordainduta.
Piraguak Pasaiako badian
“Pasaia eta itsasoaren arteko harremana geroz eta estuagoa” izateko asmoz, piraguisten interesekoa izan daitekeen zerbitzu berria abiatu du udaleko kirol sailak.
Donibaneko kiroldegi berrian, itsasotik oso gertu dagoen gordelekuan, norbere piragua gorde ahal izateko aukera eskainiko dute tasa bat ordainduta. Donibaneko kiroldegiko bazkide direnek, urteko 80 euro ordaindu beharko dute. Horren truke, instalazioa irekita dagoen ordutegian aldagelak erabili ahal izango dituzte. Gainera, udan egingo diren egokitzapenen ondoren, gimnasioa eta eremu termo-ludikoa ere erabili ahal izango dituzte. Bazkideak ez direnek, berriz, 150 euro ordaindu beharko dute urteko, eta soilik piragua gordetzeko aukera izango dute.
Txartel elektronikoa
Erabiltzaile bakoitzari txartel elektroniko bat esleituko diote. Bazkidetza motaren arabera, sarbideak mugatuak izango dira. Dena dela, erabiltzaile guztiek, gutxienez, gordetegian sartzeko aukera eta lehorretik uretara joateko pantalaneko sarbidea izango dute.
40 piraguentzako lekua dago. Hortaz, eskaerak jaso ondoren, udalak ordainketaren hurrenkera errespetatuko du plazak esleitzeko orduan. Behar izanez gero, itxaron zerrenda bat sortuko dutela iragarri dute, eta plaza kopurua handitzeko aukera ere ez dute baztertzen.
Eskaerak Donibaneko Kiroldegian bertan egin daitezke, baita 943 345 371 telefonora deituta edota
posta elektroniko bidez mezua igorrita ere. Interneten bada
eskaera orria eskuratzerik.
Alokairu zerbitzua
Piraguen gordelekua zabaltzeaz gain, udalak piraguak alokatzeko zerbitzua martxan jarriko duela jakinarazi du, herritarrek, modu partikularrean, orduka aloka ditzaten. Zerbitzu hau erabiltzeko, kiroldegiko telefonora deitu behar da 943 345 371 zenbakira.