Oiartzungo Kattin Txiki memoria historikoa berreskuratzeko taldeak ‘Trabajadoriak. Frankismoaren esklabuak Oarsoaldean’ dokumentala aurkeztuko du hilaren 25ean.
Arkaleko kanpalekua da irudikoa. Jesus Eloseguik atera zuen argazkia; bertako kanpalekuan egon zen, baina argazkilaria zenez horretarako aukera zuen
Tiroak entzun zituen Joxe Maia oiartzuarrak, trabajadoreak fusilatu zituzten tiroak. Joxe Kruz Sarasola oreretarra gaztetxoa zen orduan, gorpuak Zentolengo kanposantura nola jaisten zituzten ikusten zuen bere etxeko leihotik. Xebe Sistiaga sanjuandarra soldadu ibili zen, soldaduska egiten, trabajadoreei egiten uzten ez zieten gauzak egiten zituen, dinamita hara eta hona eraman, adibidez. Testigantza horiek eta gehiago bildu ditu Kattin Txiki memoria historikoa berreskuratzeko taldeak Lehize Ekoizpenak-en bidez egindako dokumentalean: Trabajadoriak. Frankismoaren esklabuak Oarsoaldean. Hilaren 25ean aurkeztuko dute Oiartzunen, udaletxeko areto nagusian.
1936ko gerraren ondorengo errepresioa “ikaragarri gogorra” izan zela ohartuta, horren inguruan ikertzen hasi zen taldea Mikel Mendizabal Kattin Txikiko kide eta dokumentalaren zuzendariak azaldu duenez: “Lan hori egiteko beharra zegoela ikusi genuen. Oiartzunen izugarrizko lana egina zegoen: 1939an hasi ziren lan egiten, Pirinio aldeko gotortze lana”.
Aurretik hainbat testigantza jasoak zituen taldeak, Guillermo Aizpuru trabajadore izandakoarena eta zenbait lekukorena tartean. “Jesus Eloseguik argazki pila bat atera zituen. Arkaleko kanpamentuan egon zen bera eta argazkilaria zen. Zigortua egon zen bideak egiten, baina argazkiak ateratzen uzten zioten. Sekulako bilduma egin zuen”, azaldu du Mendizabalek. Elosegiren materialarekin eta aurretik zutenarekin dokumentala egitera animatu ziren orain urte eta erdi inguru.
«Ez pentsatzeko egoerak pasatu genituen Babiloniako kanpamentuan»
«Kanpamentuan ez genuen jateko tokirik, ezta deskantsatzeko lekurik ere»
«Ura lortzeko Oiartzungo baserri batera joaten ginen, 300 metrora»Guillermo Aizpuru, trabajadore izandakoa.
OARSO BIDASOKO HITZA-n 2013ko ekainean argitaratutako elkarrizketatik hartua
Dokumentalerako langile esklaboen lana nolakoa zen irudikatu ahal izateko, irudi batzuk grabatu dituzte Arditurrin, oiartzuarrak aktore direla. “75 urte atzera joan gara eta zaila da sinesgarritasuna ematen dioten elementuak aurkitzea. Arditurriko minetan toki bat aurkitu genuen, izatez harrobi bat da, baina egiten ari diren errepide baten itxura du”, kontatu du Mendizabalek.
Janzkerari ere erreparatu diote: “Argazkietan nola janzten ziren ikusita, txapel berezi bat zutela ohartu ginen, ‘
T’ bat zuen txapel horrek, trabajadores hitzari erreferentzia egiten ziona. Txapel horiek egin genituen”.
Jendea bilatzeko deialdia egin zuten, ile motzekoak eta argal xamarrak behar zituzten. Hamazazpi lagun jarri zituzten lanean.
Hiru hizkuntzatan
Dokumentala hiru hizkuntzatan dago, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. «Askotan gure zilborrari begira geratzen gara, baina Espainian, adibidez, jende asko dago memoria historikoaren inguruan lanean. Asko eta asko hemen egindako lanekin interesaturik dago, baina euskara hutsean daude», Mendizabalek esan duenez. Festibaletan eta giza eskubideen jaialdietan mugitzen saiatuko dira lana. Aurkezpen egunean eta xanistebanetako urtekariarekin batera salgai jarriko dute, 10 euroan.
Luis Ortizi omenaldia
Jasotako testigantzen artean trabajadoreenak ere badaude, laurena, hain justu. Horietatik bi aritu ziren Oiartzunen esklabo lanetan, Luis Ortiz eta Guillemo Aizpuru.
Aizpururi orain bi urte egin zioten omenaldia Oiartzungo udaletxean. Azpeitiarra jaiotzez, baina Irunen urte dezente eman zituen; iaz hil zen. Aurten, dokumentalaren aurkezpenarekin batera, Ortiz omenduko dute. Gerraren ondorengo errepresioa trabajadore baten azaletik bizitu zuen azkenetarikoa.
Luis Ortiz Alfau. Eskarmentuaren ahotsa
Bilbon jaio zen Luis Ortiz Alfau, 1917an. Hemezortzi urte zituela harrapatu zuen gerrak, horren eraginez liburuak utzi eta soldaduskara (errepublikakora) joan zen. El Mundo egunkariari esan zion idazteko makinari omenaldi bat egin beharko lioketela, makina, irrati eta morsearen ezagutzari esker, arinagoa egin zitzaiolako gerra garaia. Baina jakintza horrek, Espainia osoa ezagutzera eraman zuen.
Gernikako bonbardaketaren zuzeneko lekukoa izan zen. Villarrelean, Bilboko Burdin Hesian, Artxandan eta Bilbon bertan borrokatu ondoren Santanderreraino joan behar izan zuen. Handik, Ipar Euskal Herrira eta gero Kataluniara; azkenik, Huescara, errepublikaren alde borrokan beti: “Indalecio Prietok euskal eskiatzaileen batailoia antolatzen saiatu zen”.
Gerra amaitutakoan Frantziara ihesi berriz, eta kanpalekuz kanpaleku Gurseko zigor kanpalekura eraman zuten. “Agirre lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzak sortu zuten Gurs kanpalekua, euskal errefuxiatuentzat; 5.556 lagunentzat”. Handik atera eta II. Mundu Gerra hasi zenean Espainiara sartzeko ahaleginak egin zituen, eta Hendaiako mugan atxilotu zuten.
Deustuko kontzentrazio eremuan sartu eta bere zigorrak kunplitzeko 38. Langile Batalloi Disziplinarioan sartu zuten, errepideak egitera esklabo gisara. Oarsoaldean Oiartzungo Gurutze auzoko Babilonia kanpalekuan egon zen, baita Erronkariko Bidangoitzen eta Igariko errepidea egiten ere.
2011ko hauteskundeetan, 94 urte zituela, Bilboko zerrendan aurkeztu zen, PSE-EEko Txema Oleaga buru zuena. Gaur egun Bizkaiko Elikagai Bankuan aritzen da boluntario.
Egitaraua
11:00etan. Aurkezpena, udaletxeko areto nagusian.
11:05ean. Omenaldia trabajadoreei eta lekukoei: aurreskua, Oiartzungo alkatearen hitzak, oroigarriak eta esklabutza lanetan aritutako Luis Ortiz Alfauren eta lekuko izandakoen hitzak.
11:20ean. Dokumentalaren aurkezpena: Trabajadoriak. Frankismoan esklabuak Oarsoaldean.
11:30ean. Proiekzioa.
12:15ean. Solasaldia eta azken oharrak.
12:20ean. Abestia.
12:30ean. Babiloniara bisita.
13:30ean. Bazkaria.
Ogi gutxi eta makilakada asko
‘Francoren Espainiak’ hemezortzi batailoi antolatu zituen Gipuzkoan, guztiak Oarsoaldean; Trabajadoreetan ibili zirenak edozein azpiegitura egitera behartzen zituzten.
Babiloniako kanpalekua; bertan egon zen Ortiz Alfau
Lau urtez 12.500 lagun esklabo lanetan aritu ziren, 1939tik 1942ra bitarte. “Soziologikoki izugarrizko eragina izan zuten Langile Batailoiek gure bailaran. Izugarria, baina benetakoa; gauza harrigarri bat. Gure perspektiba honetatik ez gara ia konturatzen ere zer izan zen hori, baina hainbeste gizon han…”, kontatu du Mikel Mendizabal Kattin Txiki memoria historikoa berreskuratzeko taldeko kideak.
Gipuzkoan hemezortzi batailoi antolatu zituzten, guztiak Oarsoaldean. Oiartzunen hiru kanpalekutan zeuden Francoren esklabuak: Arkalen bat, gaur egun Arritxulo aterpea dagoen tokian beste bat, eta hirugarrena Babilonian. Kanpaleku horiek sortu bitartean, presoek harkaitzen tarteetan eta edozein tokitan lo egin behar izaten zuten.
Oarsoaldean errepideak egitea izan zuten betebehar nagusi: Oiartzundik Lesakara doana, Jaizkibelgoa, Pikoketakoa Erlaitzeraino eta Lanbarrenera doan Arkalekoa. “Errepide taktiko gisa hartu zituzten Gurutzetik Lanbarrenera doana eta Sistiagatik Aiako Harrian barrena Erlaitzera zihoana. Estrategikoa zen, aldiz, Ergoiendik Lesakarakoa”, azaldu du Kattin Txikiko kideak.
Pertsona makurtzea helburu
Francoren kontra ez antolatzeko eta are gutxiago altxatzeko, egoera fisikoan eta gogo aldartean eragitea bilatzen zuten Langile Batailoien bidez. Pertsona deusaztu eta makurraraztea zuten helburu. Anarkistak, EAJkoak, ANVkoak, sozialistak… ziren lan batailoietara zigortu zituztenak. Kartzelak beteta zeudenez, nonbaitera eraman behar zituzten, eta lau pareten artean egon ez arren, euren egoera kaxkarra zen. “Indar lana itzela zen, elikadura eskasa eta diziplina gogorra. Ogi gutxi eta makilakada asko”, Mendizabalek adierazi duenez.
Makilakadak, baina, gutxi geratzen ziren batzuetan. Ihesaldi bat eta gero, apetaren arabera, zazpi langile hautatu eta fusilatu egin zituzten. Hildakoak gehiago izan ziren, gaixotasunez, istripuengatik edota goseak akabatuta.
Lezo, Jaizkibelgo bidea egiten
Militarrek lau talde bereizten zituzten zigortuen artean. Fusilatu eta kartzelan egon ordez, esklabo lanetara eramaten zituztenak ziren batzuk; soldadu desertoreak ziren beste batzuk; soldadu errepublikarren taldea ere bazegoen, eta beste bat Francorentzat oso fidagarriak ez zirenek osatzen zuten, salaketaren bat zutenak, adibidez.
Herritarrekin harreman zuzena ere eduki zuten trabajadoreek. Harreman batzuk onerako izan ziren, beste batzuk, ordea, ez. Askok maitasuna ezagutu zuten, jatekoa lortzen zuten, arropak garbitzen zizkieten… baina salaketak ere izaten ziren beldurrak bultzatuta.