Donostialdea-Behe Bidasoko Lurraldearen Zatikako Planaren kontrako manifestazioa egin dute Lezon. Oarsoaldeko Hitza
Erdialdeko kaleak zeharkatu ditu manifestazioak
Donostialdea-Behe Bidasoko Lurraldearen Zatikako Planarekin (LZP) ados ez daudela esateko dozenaka herritar atera dira gaur eguerdian manifestazioan Lezon. 13:00etan abiatu dira Gurutze Santuaren plazatik, eta erdialdeko kaleetan barrena egin dute ibilbidea.
Planak herrian eragingo dituen kalteak salatzeaz gain, informazio ezagatik kexu azaldu dira, eta herritarrei dei egin diete, mugi daitezen.
Bereziki, LZPak Gaintxurizketarako aurreikusten duen plataforma logistikoaren kontrako oihuak entzun dira manifestazioan, eta horren atzean interes ekonomikoak daudela salatu dute. Besteren artean, Lezoko Udalak berak helegitea aurkeztuko dio egitasmoari, eta Intermodala Lezon eraiki behar ote den aztertzeko galdegin du.
Azaroaren 15ean amaituko da zatikako planari helegiteak jartzeko epea, eta hori horrela, sinadurak biltzen ari dira. Gaur ere izan da sinatzeko aukera eta herritar asko hurbildu da manifestazioa hasi aurretik eta ondoren, “LZP-ari ez” esateko.