Jarduera kreatiboak sustatzeko zehaztu dituzten proiektuak aurkeztu zituzten atzo Julen Mendoza Errenteriako alkateak, Kepa Garbizu, Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakariak eta agentziaren kontseilari Fernando Nebredak. Ekintzailetza Poloa proiektuaren barruan 2016ko otsailean martxan jarriko dituzten bi proiektu aurkeztu zituen Mendozak: HABIAN!Fabrika Kreaktiboa eta HABIAN! teknologia Kreaktiboa. Torrekuan jarriko dituzte martxan, 30 ekintzaile hartuko dituzte eta 270.000 euroko diru zatia izan dute bi proiektuek.
Fabrika kreaktiboa elkarlanean aritzeko tailerrez osatutako proiektua da eta sormenezko ofizioetan oinarrituta dago, ehungintza, bitxigintza, urregintza, zurgintza, zeramika eta coworking kreatiboan hain zuzen ere. Ekintzaileei baliabideak eskainiko dizkiete bertan, hasieran aurkitzen dituzten oztopoei aurre egiteko. Teknologia Kreaktiboari dagokionean, berriz, teknologia berrietan adituak izanik arrakasta duten enpresak, eta sortze fasean dauden ekintzaileen proiektuak elkartu dituzte. Oarsoaldean kokatutako bi ekintzaileen eskutiko dator proiektu hori, Forvo eta Tumaker proiektuetatik hain zuzen ere.
Habia, sormen ekonomiaren marka
Sormen ekonomiaren barruan martxan jarri nahi dituzten proiektuak marka bakarraren barruan bilduko dituztela zehaztu zuen Mendozak, Habian. “Marka horrek jarrera bat adierazten du, udalerrian teknologia eta lan kreatiboekin lotutako enplegua sortzeko Errenteriak egiten duen apustua, ekintzailetza eta berrikuntzaren ildotik”. Habian! ADN Kreaktiboaren aterpean kokatzen den marka dela gaineratu zuen, “proiektu honek Errenteriak duen jarrera kreaktiboari buruz ere hitz egiten baitu”.