Eguerdian langilearen enpresaren aurrean egingo dute elkarretaratzea, Oiartzunen. 19:00etan Irungo Zabaltza plazan egingo dute protesta.
Istripua izan zen eraikina. Argazkia: erran.eus
Atzo eguerdian irundar bat hil zen Nafarroako Urdazubi herriko Dantxarinean, lanean ari zen eraikinaren sabaia gainera erori zitzaiolako. 47 urte zituen irundarrak, eta Oiartzungo enpresa batean egiten zuen lan. Gertakari horren ondorioz beste hiru langile zauritu ziren. Hori salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte gaur (osteguna) Oiartzunen eta Irunen.
Oiartzungo mobilizazioa zendutako langilearen enpresaren parean egingo dute (Mamut merkataritza zentroan dago enpresaren egoitza), 13:00etan, gehiengo sindikalak deituta. Irungoa, berriz, 19:00etan egingo dute Zabaltza plazan, ezker abertzaleak deituta.