1.700 euro Siriako errefuxiatuentzat
Elkartasun kontzertua bihurtu zen hilaren 20an Santa Zeziliaren harira Andra Mari Abesbatzak eta EMKEren musika bandak egindakoa.
Elkartasun kontzertua bihurtu zen hilaren 20an Santa Zeziliaren harira Andra Mari Abesbatzak eta EMKEren musika bandak egindakoa. Sarrerekin bildutako dirua Siriako errefuxiatuei eman nahi zieten abesbatzak zein bandak eta gaur gauzatu dute asmo hori. 1.700 euro bildu dituzte guztira eta ACNUR erakundearen bidez egi bihurtu dute. Andra Mariko Luismi Yerobi, EMKEko Alain Aierdi, ACNUReko Marta Areizaga, eta Julen Mendoza alkatea izan dira agerraldian eta Mendozak berak eman dio txekea ACNUReko ordezkariari.
Areizagak eskerrak eman dizkie jasotako diruagatik: “Hunkigarria da erakunde txikiak zein herritarrak izaten ari diren jarrera, erakusten ari diren elkartasuna”. Jasotako diruarekin, 1.700 euro horiekin 3.000 siriarrentzako manta termikoak erostea izango dutela esan du Areizagak. Une hauetan duintasunaren kit-a ematen ari zaizkiela errefuxiatuei ere azaldu du, “sabaia, ura, jatekoa, eta arropa lehorra. Duintasunez bizi ahal izateko gutxienekoa da”. Egoera irailean zena izaten jarraitzen duela gaineratu du ACNUReko kideak, eta oraindik ere ez dagoela argi zer den gertatuko dena errefuxiatuekin.