Komunikazioa eta irudi korporatiboa, barne eta kanpo harremanak, eta hizkuntza kudeaketa aztertu ditu ebaluatzaile talde aditu batek ziurtagiria emateko.
Bikain Ziurtagiria
Bikain Ziurtagiriak 1.000 puntu ematen ditu gehienez, eta 849 lortu ditu Errenteriako Udalak, nota onarekin gainditu du beraz Eusko Jaurlaritzak luzatzen duen Bikain Ziurtagiri ofizial, publiko eta doakoa, etaurrezko ziurtagiria eskuratu horri esker. Ilusioarekin aurkeztu dute lorpena Julen Mendoza alkateak eta Garazi Lopez Etxezarreta Euskara zinegotziak, “urrezko ziurtagiria eskuratu duen laugarren udala garelako”. Aurretik, Arrasate, Azpeitia eta Bermeok eskuratu dute ziurtagiri hori, “eta kontuan hartu behar da Errenteria ez dagoela eremu soziolinguistiko hain euskaldunean kokatuta”, nabarmendu du alkateak.
Komunikazioa eta irudi korporatiboa, barne eta kanpo harremanak, eta hizkuntza kudeaketa aztertu ditu ebaluatzaile talde aditu batek ziurtagiria emateko, eta azterlan horretan hiru indargune antzeman dituzte adituek: Euskara normalizatzeko plana eta hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak indarrean ditu udalak, batetik; handia da lanpostuan eskatzen den hizkuntza gaitasuna eskuratu duen langile kopurua, bestetik; eta azkenik, ordezkari politiko eta teknikoek euskara planarekiko atxikimendu handia dutela ondorioztatu dute aztertzaileek.
Euskararen Eguna positiboki baloratu
Urrezko Bikainak eskuratzeak aukera berriak zabaltzen dizkio udalari Mendozaren ustez, “eta baliatu egin behar ditugu”. Horren harira, udalera bertaratzen diren herritarrak euskaraz aritzera animatu ditu Lopez Etxezarretak. Euskararen Nazioarteko Egunaz ere mintzatu da balorazio positiboa egiteko, “Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak egin du koordinazio lana eta aurten egitasmo zabala antolatu dugu elkarlanean”.
Hemen ez dela bidea bukatzen eta aurrerantzean hizkuntza aniztasunaren alde lanean jarraitu beharra dagoela gaineratu du Euskara zinegotziak, eta horren harira, eazinbesteko lanabesa izango dela hizkuntza aniztasuna bermatzeko protokoloa esan du: “Hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri zehatzak biltzen dituen dokumentua da. 2016ko abenduan aurkeztuko da Donostian Europako Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bileran eta udaletik lanketa hau babestu nahi dugu, eta beronekin lan egin etorkizunean”.