Kontsumo ohiturak aldatzeko bidea hasi du talde batek Oarsoaldean

Kontsumo ohiturak aldatzeko taldearen kartela

Kontsumo ohiturak aldatzeko taldearen kartela

Kontsumo ohiturak aldatzeko nahia du Oarsoaldeko herritar talde batek. Oraingoz, herriz herri ari dira antolatzen, eta apurka bada ere, euren asmoa indartu eta zabaldu nahi dute. Hori egiteko Euskal Herrian zentzu horretan dauden beste esperientzien berri izatea egokia dela uste dute. Hala, hilaren 16an (larunbatean), Iruñerriko Landare proiektu eraldatzailea ezagutzeko irteera antolatu dute. Taldearen lehen urratsa izango da.

Bertara joateko taldearekin harremana egin behar da, posta elektronikoz. Autobusez joango dira interesdunak Nafarroa aldera, eta han bazkaria egingo dute Iruñeko elkarte batean; izena eman ahala jasoko dute informazio gehiago (bazkaria non izango den, zer eraman behar den…) partaideek.

Landare
Iruñerriko produktu ekologikoen kontsumitzaile elkarte bat da Landare. Bi lokal dituzte, bat Arrotxapean eta bestea Atarrabian. Euren jarduera elikagai ekologikoz hornitzea da, gertutasun, gizarte eta merkataritza zuzentasun irizpideak jarraituz. Azken batean, mundua eraldatzen saiatzen ari dira, gosaldu, bazkaldu eta afaldu bezain xumeak diren ekintzen bidez.

Elkarlanean aritzen dira, “eta komunean ateratzen dituzte indarra eta ausardia”, Oarsoaldeko taldeetako kideek esan dutenez: “Pertsona osasuntsuak nahi dituzte mundu osasuntsu eta bidezko batean”. Horretarako antolatzen dira, nola eta nori erosiko dioten erabakiz. Landare elkarte bat da, eta horregatik, duen egitura juridikoa Iruñeko edozein kirol elkartek duenaren antzekoa da: asanblada da ordezkaritza organo nagusia, urtean behin biltzen dena.

 

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend