Donibanen, segada gertatu zen tokian, gertaera haiek gogoratzen dituzten pintaketak ikus daitezke
Egia, justizia eta oroitzapena iniziatibak
sinadura bilketa abiatu du Pasaiako segadan gertatutakoa argitu dadin eskatzeko, eta kasua ez dezatela artxibatu exijitzeko.
Kasua artxibatzeko erabakia jakinarazi diete segadan hildakoen senitartekoei lehengo otsailaren 3an, “deliturik izan zenik ezin izan dela frogatu” argudiatuta.”Gertakari krudel hauek ez ikertzea inpunitatea bermatzea da”, salatu dute sinadurak biltzeko ekimenean bildu direnek, eta jendarte osoari eta bereziki Azpeitiko herriari luzatu diote Pasaiako segadan jazotakoak ikertzen jarrai dezaten eskatzeko.
Rosa Jimeno eta Joseba Merino, Donibanen, 2005ean, segadari buruzkoak ON aldizkariari kontatzeko etorri zirenean. Argazkia: Lander Garro
Pasaiako segada 1984. urteko martxoaren 22an gertatu zen. Espainiako Polizia Nazionalak Pasaiako badian egin zuen operazioan lau lagun hil ziren, guztiak Komando Autonomo Antikapitalistetako kideak: Rafael Delas, Dionisio Aizpuru, Pedro Mª Isart eta Jose María Isidro Izura.
Hasierako ikerketaren ondoren, kasua 1986. urtean artxibatu zuten lehenbizikoz, baina 2.000. urtean zabaldu zuten berriro, senideek, Azpeitiko lagunek, eta Egia, Justizia eta Oroitzapena elkarteak hala eskatuta.
Rosa Jimenok eta Jose Luis Morenok, –segadatik bizirik irten ziren biak – beren lagunak atxilotu eta fusilatu zituztela baieztatu dute aukera izan duten bakoitzean. Gogoratu, halaber, hilotzetako batzuk 19tik gora bala-zulo zituztela, eta hildakoek erabiltzen ari ziren zodiakean 101 bala zulo zenbatu zituztela.