Langabezian dauden kualifikatutako 20 eta 35 urte arteko 210 gaztek lan mundura hurbiltzeko aukera izango dute.
Hazilan egitasmoan Oarsoaldea eskualdeko 210 gaztek hartuko du parte
Errenteria, Pasaia, Oiartzun eta Lezoko udalek,
Oarsoaldea Garapen Agentziaren bidez
Hazilan egitasmoa jarriko dute martxan. Gazteak lan munduan txertatzea du helburu Hazilanek, eta horri esker, langabezian dauden kualifikatutako 20 eta 35 urte arteko 210 gaztek lan mundura hurbiltzeko aukera izango dute. Horietatik %55 emakumeak izango dira gainera.
Europako Gizarte Funtsak %50 diruz lagundu du eta 290 garapen agentziek hartuko dute parte bertan. Sei miloi euroko aurrekontua du egitasmoak eta horietatik 300.000 euro helduko dira Oarsoaldea eskualdera. Gazte kualifikatuen eta enpresen elkargune izaera izango du egitasmoak eta hori berritasuna dela esan dute Oarsoaldea Garapen Agentziatik: “Kualifikazio altua daukaten gazteak ditugu zeharkako konpetentziak lantzea falta dutenak, eta batez ere lan aukera erreal bat behar dutenak batetik. Bestetik, baliabide faltagatik edo azken urteetako ziurgabetasunagatik aurrera eraman gabeko dibertsifikazio edo lehiakortasuna hobetzeko egitasmoak dauzkaten enpresak ditugu”.
80 orduko formakuntza
Egitasmoan parte hartzeko aukeratutako gazteek 80 orduko formakuntza praktikoa jasoko dute, “ondoren beraien ibilbidea jarraituko dute eskura jarriko zaizkien baliabide ezberdinen bidez: negozio bat martxan jartzen lagunduta, enpresa batean praktikaldia eginda, enpresa erreal batean proiektu zehatz bat garatuta…”, gaineratu dute.
Lan arloan eskarmentu zehatza eta gaitasuna eskuratzea, edo enpresek garatu nahi dituzten egitasmoak burutzea uztartzen dituela Hazilanek esan du Julen Mendoza Errenteriako alkatea eta Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakariak.
Izena ematea
Oarsoaldeak interesa duten gazteei begira saio informatiboak antolatuko ditu hilaren 22tik 26ra bitartean agentziak Pasaian duen bulegoan (Euskadi Etorbidea, Merkatuaren eraikina). Parte hartu nahi dutenek alde aurretik
Oarsoaldera deitu beharko dute (943 40 41 01), eta izena eman nahi dutenek berriz martxoaren 2ra arte izango dute izena emateko aukera. Izena eman duten guztien artean aukeraketa prozesua egingo du Oarsoaldea Garapen agentziak, eta horretarako elkarrizketa pertsonala eta curriculuma izango ditu kontuan.