Oarsoaldeko kontsumo kooperatiba sendo hasi da bidea egiten

elikadura burujabetza taldea aurkezpena

Oarsoaldeko lau herrietako eragile eta norbanakoak, atzoko aurkezpenean

Oarsoaldeko kontsumo ereduan eragiteko, elikadura burujabetzaren bidetik, elikadura kontsumo kooperatiba bat sortzeko bidean dira eskualdean. Oinarri sendokoa da. Izan ere, atzo (osteguna), gaiari buruz hitz egiteko batzarra egin zuten Errenteria-Oreretan, 40 pertsonaren parte hartzearekin, Oarsoaldeko lau herrietakoak. “Elikaduraren esparruan erreferente izango den, ilusioa piztuko duen, eta indar gaitasuna dugula sinestaraziko duen proiektu bat bultzatu nahi dugu”, esan zuten egitasmoaren sustatzaileek.

Egitasmoaren oinarrian dago egungo elikadura enpresen “logika pribatutik” atera eta auzolanean finkaturiko proiektu profesional baten bitartez sare bat artikulatzea, Euskal Herriko ekoizpena zein kontsumo gaitasuna saretuz, modu antolatuan erabiltzeko: “Elikadurarekin negozioa egin beharrean, elikadura jendarteko oinarrizko zerbitzu baten gisa ulertzen hasi eta horrela antolatzea”.

Hori guztia egiteko herritarren parte hartze aktiboa eskatu dute, “bestelako gizarte eredu baten ispilu izan dadin”, baina egitasmoa iraunkorra izateko egitura profesionala beharrezkoa dela uste dute, “auzolana eta profesionaltasuna modu egokian txertatzean datza gakoa”.

Bertako kalitatezko produktuen eskaintza erakargarria —ekologikoak edo bide horretan urratsak egiten ari diren ekoizleenak— Euskal Herriko ekoizleen eta Oarsoaldeko kontsumitzaileen bidezko aliantza sortuz egin nahi dute, prezio justuak ezarriz, “ekoizleentzat zein kontsumitzaileentzat bitartekorik gabe”. Horrela, “bestelako gizartea sortzeko ekarpena” egingo dutela ziur daude kooperatiba martxan jarri nahi dutenak, osasuna eta tokiko ekonomia sustatuz.

Oarsoaldeko Elikadura Burujabetzaren Aldeko Eragileak eragilea herritarren ekarpenetara zabalik dago. Horiek jasotzeko posta elektronikoz jar daiteke haiekin harremanean.

 

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Albiste irakurrienak

Send this to friend