Joxe Iriarte 'Bikila': "Garai bateko kamaraderia gaur egun ez da existitzen"
'Kamaradak’ eleberria idatzi du Joxe Iriarte ‘Bikila’-k, Bilbon girotua, Euskalduna ontziolen itxieraren garaian; ostegunean aurkeztuko du Mikelazulon, 19:00etan.
«Garai batean klase nortasunak ematen zuen harrotasuna galdu egin da» «Bilbon izan dira borroka mitikoenak, eta horregatik kokatu nahi nuen han»Horrez gain, langile borrokaren gainbeherarekin, Bizkaian arazo sozial larriak sortu ziren. Gizarte krisiari batu zitzaion ontziolen hondamendia, uholdeak… Uholdeek tristura ekarri zuten Bilbora. Toki iluna, tristea, amildegian zegoen tokia, eta giro hura, oso barrura sartu zitzaidan. Hura deskribatzen saiatu naiz, Bilboko bazter horiek, La Naja, Areatzaren beste aldea, errekaren zubi azpietan zegoen trapitxeoa eta beste. Mikrokosmos oso bat degradazio sozialarekin oso lotuta. Horrek literaturarako asko ematen du, batez ere, pertsonaiak giro horretan kokatuz gero, errealismoa eta indar literarioa ematen diolako. Nik urte batzuk egin nituen Bilbon; pare bat urte klandestinitatean, Burgoseko auziaren garaian, eta ondoren, LKIk hala eskatuta. Lau urte egin nituen han, hain justu, Nervaceroko gatazka eta Euskaldunaren itxieraren garaian. Eleberriko pertsonaia nagusiengan iraganarekiko nostalgia moduko bat igartzen da. Muturreko egoeretan kamaraderia oso indartsu bat sortzen da, laguntasun eta burkidetasunetik harago doana. Komunio ideologiko moduko bat da, eta badu nolabaiteko kutsu erlijiosoa. Sentimendu hori indartsua denean oso aberatsa da, eta asko motibatzen zaitu. Denboraren joan-etorrian, sentimendu hori, askotan, galdu egiten da, edo desagertu, aldatu. Nik momentu honetan lagun asko dauzkat borroka sozial eta politikoen inguruan, baina garai hartako kamaraderia hura gaur egun ez da existitzen. Nik ez dut ikusten. Izan daiteke, agian, muturreko beste egoera batzuetan daudenen artean, baina gaur egun, politika kidetasuna ere, askoz lasaiagoa da, laikoagoa, beste modu batera eramaten dena. Sentimendu indartsu hartaz gogoratzean, noizean behin, malenkonia ematen dit, eta liburuko pertsonaiengan ere badago sentimendu hori. Nostalgia kutsu hori izanik ere, bukaera baikorra da. «Utopia lo dago, baina ez hilda…» .Bai, asmoa hori zen. Antiglobalizazio mugimenduari keinu eginez bukatzeko asmoa nuen hasiera batean, Jaioko dira berriak izenburuarekin. Baina, liburuaren produkzioak luze jo du eta hainbeste orraztu behar horretan, pasarte horiek kendu behar izan nituen eta titulua ere erori zitzaidan.
«Gizarte aktibo eta borrokalari bat behar da»
Bikila izengoitia nork eta zergatik jarri zizun? Nire garaiko jendeak nirekin erreparatu zuen korrika nenbilelako. Hamalau urterekin hasi nintzen hemen, Errenteriako Klub Atletikoan. Tropeleko korrikalaria nintzen, baina zaletasun handia nuen. Batzuetan hanka hutsik korri egiten nuen, arrazoi askorengatik; gustatzen zitzaidalako, edo zapatila gehiegi puskatzen nituelako. Testuinguru hartan, Erromako maratoian, ospe handia hartu zuen Abebe Bikila etiopiarrak, irabazi zuelako, eta hark, oinutsik korri egiten zuenez… lagun artean eta herrian Bikila deitzen hasi ziren. Azkeneko urteetan, gainera, kirola eta politika uztartuta ibiltzen nintzen, eta gauetan, pintaketetan eta, potea eskuan korrika ibiltzen nintzen. Klandestinitatetik itzuli nintzenean herrira, nik Bikila izengoitiaren kontua ahaztuta nuen erabat, hainbeste izengoiti ibili nituen klandestinitatean nirea ere ahaztuta nuela. Baina Oreretara etorri eta berehala mugimendu asanblearioa hasi zen, jendeak kalea bere egin zuen. Asanblea horietan berriz ere hasi ziren niri Bikila deitzen, parentesi handi baten ondoren. Oso gazte zinela hasi zinen ETAn. Zerk bultzatuta? Ni beti izan naiz nahiko idealista eta erromantikoa, utopia zalea. Garai hartan Errenterian langile xume bat nintzen, pintorea, frankismoaren giro ilun eta itxi hartan. Ez zegoen ezeren perspektibarik. Literatura, mendia, eta korrika, beste ihesbiderik ez nuen orduan. Banuen harra bat hor, eta behin Aralarren nenbilela PNVko abertzale batzuekin topo egin nuen. Haiei hitz egiten entzunda, lapikoa galgan nuela itzuli nintzen etxera, eta kristoren beldurrarekin, ETAn sartu behar nuela erabaki. Egun batean, Jose Kruz Sarasolaren etxean pintore lanetan ari nintzela, hark eman zidan orri bat irakurtzeko. Zutik jartzen zuen. Irakurri eta txundituta geratu nintzen. Hemen ETA ez zen existitzen talde bezala, baina batzuk ibiltzen ziren hor eta haiekin harremanetan jarri ninduen Sarasolak. ETAren lehengo taldea Errenterian nik antolatu nuen. Politikan nire bizitzari zentzua emango zion bizimodua aurkitu nuen orduan, gaur arte. Diktadura garaian ezagutu zenituen zuk klandestinitatea eta kartzela. Orduko zein oroitzapen dituzu? Bada, liburuko pertsonaiak bezala, nik ere, nostalgiaz. Ongia eta gaizkiaren arteko banaketa hura, orduan, oso argia zen. Gu ginen onak, eta frankismoa zen deabrua eta gaizkia. Egia da, gure artean ere gauzak ez zirela beti oso gozoak. Gure artean sektakeria handia zegoen, elkar ezin ikusia; anaia zatituak likidazionistak eta espainolistak bihurtzen ziren berehala… Alde hortatik hobe ahaztea, gure miseriak eta alde ilunak dira. Abertzaleak, ez abertzaleekin, abertzaleen artean gorriak ginenak eta burgesak, eta gero gure talde barruko zatiketak, are gogorragoak.«Orereta eta Euskal Herria urteetako borroken ajeak sufritzen ari dira» «Iruditzen zait, gure herria, hein handi batean, otzandu egin dela»Baina, orokorrean, nik oroitzapen ona dut. Egia da ere, txarrean, zortea izan nuela. Lehenbiziko erorketa paper batzuk banatzen ari ginela gertatu zen. Polizia gu ETArekin lotzen saiatu zen, baina guk ez genuen onartu. Sei hilabete zigortu gintuzten. Gero, bigarrenean, gauza gogor zegoenean, ihes egin nuen eta klandestinitatean ibili nintzen. Zorionez, ez ninduten harrapatu. Klandestinitatea gogorra izan zen, baina bazuen bere abentura kutsu hori, eta eman zidan aukera irakurtzeko nahi nuen guztia. Autoformazio bat izan dut, baina testuinguru batean, talde politiko baten barrukoa. Nik gaur egunean ere, nire garaiko norbaitekin hasten banaiz hizketan, soilik hitz egiteko moduagatik badakit alderdi komunistako kide izan zen, maoista izan zen edota troskista. Hizkerak berak, erreferentziak… horrek denak datuak ematen dizkizu. 1976. urteko Amnistiaren Legearekin itzuli zinen Oreretara, eta orduz geroztik oso bizitza sozial eta politiko aktiboa izan duzu. Garai bateko Errenteria industrial gatazkatsu horretan lehen lerroko protagonista izan zinen. Denbora gutxian asko aldatu da Orereta, ezta? Pozten naiz egungo Errenteriak gatazka odoltsu baten garaia gainditu izanaz eta elkarren arteko gorrotoari eta etsaitasunari izkin eginez, udaletxetik eta eragile sozialen aldetik bizikidetza sustatzearen alde egindako lanaz. Baina, aldi berean, ez nago pozik gure herriak izan duen bilakaerarekin zenbait aldetik ikusita. Oreretak arazo asko dituen herri bat izaten jarraitzen du: pobrezia, marjinazioa, kutsadura, langabezia, euskararen egoera diglosikoa eta kultur arloko ahuleziak begibistan daude, eta erantzun eskasa dute gizarte alorrean. Iruditzen zait, gure herria, hein handi batean, otzandu egin dela, galdu egin duela garai bateko sen borrokalaria, intsumisoa, eraldatzailea eta asanblearioa. Ondo dago udal ezkertiar bat izatea, baina, ez da aski. Batez ere gizarte aktibo eta borrokalari bat behar da. Orereta eta Euskal Herria urte luzeetan izandako borroken ajeak sufritzen ari dela iruditzen zait. Belaunaldi bat nekatu eta zahartu egin da, nirea hain zuzen, eta ordezkatu beharko liokeena ez da azaldu behar den neurrian. Hori da nire irudipena.