Urola Kosta eta Txingudiko hondakinak jasotzeko erabakia bertan behera utzi eta San Markoo transferentzia gunea itxi eta lekualdatzeko eskatuko die udalak GHK eta San Marko Mankomunitateari.
Ohiko osoko bilkura egin zuten atzo Errenteriako Udalean. Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak GHK eta San Marko Mankomunitateak Txingudiko eta Urola Kostako hondakinak San markokotransferentzia gunean hartzeko erabakiak sortu zuen eztabaidarik luzeena. Bi mozio jarri zituzten mahai gainean alderdiek, bata Errenteria Irabaziz eta EH Bildu koalizioak aurkeztutakoa, eta bestea alderdi sozialistak aurkeztutakoa. Lehenak egin zuen aurrera Errenteria Irabaziz eta EH Bilduren aldeko botoekin, eta PSE-EE eta EAJren abstentzioarekin. Horren arabera, GHKri Txingudiko eta Urola Kostako hondakinak jasotzeko hartutako erabakia bertan behera uzteko eta hala egin ezean San Marko Mankomunitateari baimenik ez ematea, eta San Markoko transferentzia gunea itxi eta leku aldatzeko eskatuko die orain udalak.
Alderdi sozialistaren mozioak transferentzia gunea itxi eta lekuz aldatzeko eskatzen zuen, baina baita ere erreuste planta ahalik eta azkarren eraikitzea. EAJ eta PSE-EEren aldeko bozkak jaso zituen eta EH Bildu eta Errenteria Irabaziz alderdiek kontra egin zuten, “errauste plantarik ez dugulako nahi”.
Ion Collar Errenteria Irabazizeko zinegotziak datuak eman zituen. Txingudi eta Urola Kostako hondakinak jasotzekotan egunean 27 kamioi helduko direla Errenteriara esan zuen astean, “1.440 urtean, horrek herriarentzat eta batez ere Beraungo bizilagunentzat suposatuko duenarekin”. Gauzak bere izenarekin deitzeko ere eskatu zion Collarrek EAJri, “azpiegitura deitzen duzue, errasute planta denean”. Bernar Lemosek, EH Bilduko zinegotziak bide beretik egin zuen eta “guztiaren atzean, errauste planta egiteko interesa” dagoela esan zuen: “Helburua hondakinak murriztea izan behar du”.
EAJ eta PSE-EEri alderdi interesak lehenestea egotzi zien Julen Mendoza alkateak, “herritarrak kamioi gehiago ez etortzea eskatzen ari dira. Argi dut une honetan EH Bildu balitz San Marko Mankomunitatearen kudeaketan gaur aurkeztu dugun mozioaren alde egingo zenutela bi alderdiek. EAJ eta PSE-EE dira ordea kudeatzaileak, eta herriaren eta herritarren alde egin beharrean, zuen alderdien aldeko interesetan ari zarete”.
Garbi mintzo zen Mendoza, “Ez dugu kamioi bat bera ere nahi”.
Kale garbiketa eta hiri hondakinak jasotzeko zerbitzua
Kale garbiketa eta hiri hondakinak jaso eta garraiatzeko zerbitzuaren esleipenari argi berdea eman zion, bestalde, udalbatzak. Sei enpresen proposamena jaso dutela, eta azkenik Serbitzu Elkartea SL enpresaren alde egin dutela azaldu zuten, “berak egin digulako proposamenik onena”. Errenteria Irabaziz, EH Bildu, eta EAJk esleipenaren alde egin zuten, eta alderdi sozialistak abstentzioaren alde, berriz. Hamalau aldeko botoekin, Serbitzu Elkartea SL enpresak egingo du aurrerantzean hiri hondakinak jaso eta garraiatzeko eta kale garbiketa zerbitzua.