Errenteriako alkateak esan du ez zela izan bileran eta oraindik ez dituela aktak jaso
Julen Mendoza Errenteriako alkatea
Pasaiako lonja berria eraikitzeko lanetan atzeman dituzten ustezko irregulartasunen harira hitz egin du Errenteriako alkate Julen Mendozak, eta gezurtatu du apirilaren 5ean egin zuten Administrazio Kontseiluan kontra bozkatu zutenik.
“Gezurra da Estatuko abokatuak Fiskaltzari Pasaiako Portuko gertaeren berri emateko proposamenaren aurka bozkatu nuela”, esan du Mendozak, eta lehengo apirilaren 5ean egin zen Administrazio Kontseiluan ez zela izan gaineratu, “saihestu ezinezko arrazoi pertsonalak zirela medio”. Bileraren aktak oraindik ez dituela jaso argitu nahi izan du, bide batez, Mendozak.
Errenteriako alkateak azaldu du “gertaera larri” horien berri izan zuen bezain pronto Bozeramaileen Batzordea deitu zuela, “Errenteriako Udaleko gainerako alderdi politikoei egoeraren berri emateko”, eta era berean, “gaia konplexua eta dokumentazio ugariko izanik”, udal teknikariei txostena egiteko eskatu ziela.
“Aurrerantzean, Errenteriako alkateak udal teknikariek emandako txostenetan jasotakoaren arabera jardungo du” iragarri du, eta Portuko Administrazio Kontseiluko gainontzeko kontseilariei ere hala jakinaraziko diela” aurreratu du.