Lurralde Antolaketako diputatua biziberritzerako egin diren azken lanak bisitatu ditu gaur goizean Izaskun Gomez alkateak lagunduta.
Marisol Garmendia eta Izaskun Gomez, Trintxerpeko Aranerederreko kirol pistetan, kirol teknikari Ibai Saavedrarekin
Mugikortasun eta Lurralde Antolaketarako diputatu Marisol Garmendia Pasaian izan da gaur goizean, Izaskun Gomez alkateak lagunduta biziberritze prozesuaren barruan egin diren azken lanak bisitatzen.
Trintxerpeko Aranederreko kirol pistetan izan dira lehenbizi, eta ondoren, Trintxerpeko Azokako igogailua eta Antxoko Luzuriagako aparkalekua bisitatzea programatuta zuten. Adierazpenak, baina, Aranederren egin dituzte.
Gaur bisitatu dituzten lanak “potoloenak” ez izanagatik ere, biziberritze integralerako ” lehen pausu” bezala definitu ditu Garmendiak. Helburua biziberritze integrala dela nabarmen du diputatuak eta aldundia norabide horretan ari dela lanean adierazi du.
Diputazioa, eskualdean, 1,7 milioi euro inbertitu dituela nabarmendu du Garmendiak, eta, oraingoz, inbertsioak “premiazko lanetan” inbertitzen ari direla zehaztu du, Errenterian, Lezon eta Pasaian.
Izaskun Gomez alkateak, bere aldetik, egindako lanen garrantzia nabarmendu du, herritarren egunerokoan duten eraginarengatik, baina erakunde guztiei deia luzatu die “biziberritze urbanistikoa ez ezik, ekonomiko eta soziala” lortzeko lan egin dezaten. Aldundiaren laguntzaz udalak 14 obra egin dituela zehaztu du Gomezek.
Aldundiari laguntza finantzarioa eskertu dio Pasaiako alkateak, eta bereziki eskertu du udalari proiektuak aukeratzeko orduan eman dion erabateko askatasuna, “bat ere inposiziorik gabe”.
Lonjako aferan, gardentasuna
Lonjaren lanetan ustezko sei delitu antzeman dituztela eta, Marisol Garmendiak esan du gaur Pasaian, “berak, Portuko Administrazio Kontseiluko kide gisa, ez duela horren berri ofizialik”.
Diputazioak, Portuko Administrazio Kontseiluan “uneoro erabateko gardentasuna exijitu” duela defendatu du, eta ardurak eskatu dituztela esan, “ikerketari ateak itxi gabe”.
Garmendiak gogoratu du Portuko Administrazio Kontseiluak aho batez adostu zuela Estatuko Portuetara jotzea auditoria eskatzeko. Zigor neurriak hartu direla esan du, eta txostenak eskatu dituztela, erabakien berme gisa. “Delitu zantzuak badira, justiziak bere bidea egin dezala”, eskatu du Garmendiak, eta aldundiak beti “argitasuna, takigrafoak eta ardura exijitzearen alde” egon dela goraipatu du.
Lonjako aferari lotuta, gaur jakin da Estatuko Abokatuak dimisioa eman duela, Portu Agintaritzako buru Ricardo Peñak eskatutako informazio ez diola ematen argudiatuta.