Mendi ibilbidearen bidez gertu izan arren, askotan ezezagunak diren eremuak ezagutarazi nahi dituela esan du talde ekologistak, " baina baita paraje honenganako eta bertako jendearenganako presioa salatu ere".
San Markos gotorlekuan amaituko dute mendi ibilaldia.
Bizarain menditik (San Markos) Txoritokietara mendi ibilaldia antolatu du Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak datorren igandean. Bi mendiek Lau Hazieta parke naturala osatzen dute, 600 hektareako naturgune babestua. Eremu horiek duten xarma erakutsi nahi du batetik Eguzkik, baina baita mehatxuak ere. San Markoko transferentzia guneak martxan jarraitzea, “San Markos Mankomunitateak hala erabakita”, da mehatxuetako bat Eguzkiren arabera. “Atzerapausutzat” jo du erabakia Eguzkik, “bizilagunek urtetan jasandako eta salatutako eragozpenei muzin eginez, berriro aukeratu dutelako leku hori Gipuzkoa osoko zabor gehiena biltegiratzeko. Zabortegia itxi arren eta usain txarrak desagertuta badaude ere, Urola Kosta eta Txingudiko udalerrietan jasotako zaborra (errefusa) zabortegi honetara garraiatzen dute, eta trinkotu ondoren, kantabriara, 180 kilometrora dagoen Merueloko zabortegira eraman”.
Errauste planta da bigarren mehatxua Eguzkirentzat: “Hau are larriagoa da kontuan hartzen badugu errausketaren ondorioz sortutako errautsak uzteko zabortegiak beharko direla”.
Mendi ibilbidearen bidez gertu izan arren, askotan ezezagunak diren eremuak ezagutarazi nahi ditu talde ekologistak, ” baina baita paraje honenganako eta bertako jendearenganako presioa salatu ere”, gaineratu du.
Mendi irteera Errenteria-Oreretako Beraun auzotik abiatuko da 9:30ean, Monroy plazatik zehazki( San Markos kaleko biribilgunea). Bertatik Txoritokietara joango dira: “Monumentu megalitiko batzuk bisitatuko ditugu bertan eta eremuaren balioen eta aurreikusten diren proiektuen berri emango dugu”. San Markoseko zabortegi zaharretik pasatzerakoan egungo egoera azalduko dute eta bertara zaborrak eramateak inguruan izango lituzkeen eraginetaz mintzatuko dira. San Markos gotorlekuan amaituko dute mendi buelta. Naturagune babestu horrek dituen ondare kultural eta naturalaren balioak, egun dauden proiektuak eta mehatxuak azaltzen joango dira, “agerian utziko dugu hiru udalen eta Gipuzkoako Foru aldundiaren paralisia Lau Hazieta parkea behar bezala kudeatzeko eta herritarren parte hartzea bultzatzeko”.
Paseatzeko paraje ederra
Atseden hartzeko nahiz paseatzeko paraje eder horien historia aberatsa dela esan du Eguzkik, “aztarna dezente utzi ditu denboran zehar: ondo kontserbatutako zenbait monumentu prehistoriko daude, garai bateko artzainen bizimodua gogorarazten dutenak, eta ondare arkitektonikoa eta kulturala diren XIX. mendeko gotorlekuak”.
Gizartearen eragina handia izan dela eremu horietan ere ekarri du gogora talde ekologistak, “utzitako hainbat harrobi, abiadura handiko trenaren (AHT) mehatxua, telefonia antenen areagotzea, eta denbora gehien martxan egon den Gipuzkoako zabortegirik handiena. Gipuzkoa erdiaren bereizi gabeko hondakinak utzi dituzte bertan hamarkadetan”.
Herritar oro gonbidatu du Eguzkik mendi martxarekin bat egitera, inguruko paraje ederrak ezagutu eta horien gaineko mehatxuen berri jasotzera. Ibilbideak bi ordu eta erdiko iraupena izango du, 200 metroko desnibela du eta adon guztietarako egokia delaesan dute antolatzaileek. Irteera puntura heltzeko garraiobide egokienak ere aipatu ditu: “Topoko Galtzarabordako geltoki edo Donostiako Gipuzkoa Plazatik 08:50ean irteeten den E5 busa”. Zalantzak argitzeko telefono zenbakia ere jarri dute interesdunen eskura, 622 80 86 49.