Eguzkia ez da agertu oraindik U23n, madalenetako Kuadrillen Egunean. Baina ziur kamiseta moredun ehunka herritarrek hurbilaraziko dutela.
Kuadrillak, bazkarirako dena prestatzen.
Gaur U23 da. Madalenetako Kuadrillen Eguna. Eguraldia nagi altxa da, eskas samar. Baina kamiseta moreak jada nonahi ikus daitezke goizetik. Kolore hori hartuko dute herriko kaleek madalenen uztailaren 23an, Kuadrillen Egunean.
Agirre Lehendakariaren plaza 1.500 lagunek bazkal dezaten atontzen ari dira hamarnaka boluntario. Bien bitartean, Euskal Gunean, txikienek gosaria eta osagarrien tailerra egin dute. Ondoren, kalejiran bilduko dira, eta 13:00etan, eguraldiak laguntzen badu, Xanti eta Maialen erraldoiekin bilduko dira Herriko Plazan.
14:00etan da Agirre Lehendakariaren plazan kuadrillen bazkaria. Handik aurrera, are moreagoa izango da herriko giroa eta madalenak. Eguzkia aterako dute ehunka herritarrek.
Jaiak, gaurko egunarekin, ekuadorrera iritsi dira.
Baina oraindik ere badira hamarnaka ekitaldi Errenteria-Oreretako festez gozatzeko.