Abuztuko ostiraletan film emanaldiak egingo dituzte herriko hainbat plazatan. 22:00etan hasiko dira emanaldiak eta doakoak dira.
Sedeño, Collar eta Portugal Udako Zinema iniziatibaren aurkezpenean.
Zinema areto bihurtuko dira Errenteria-Oreretako hainbat plaza abuztuan, OZ Zinema elkartearen eskutik. Iniziatiba berria jarriko du martxan eta udako zinema doan eskainiko du ostiraletan hilabetez herrian bertan gelditu edo kanpotik datozenei aukera emateko. Espazio irekietan eta denen eskura jarri nahi dute zazpigarren artea iniziatiba ibiltariaren bidez.
Uda izanik, lau pelikula dibertigarri eta fresko aukeratu dituztela esan du Jonatan Sedeño Oz Zinemako kideak. Abuztuaren 5ean Koldo Mitxelena ikastetxearen patio estalian egingo dute emanaldia, eta
La lego pelicula aukeratu dute lehenengo saiorako. Abuztuaren 12an, Beraungo Pablo Sorozabalen egingo dute zine emanaldia,
Una cuestión de tiempo filmarekin. Musika plaza bihurtuko dute zinema areto abuztuaren 19an, eta egun horretarako,
Bienvenidos al fin del mundo filma aukeratu dute. Azken saioa abuztuaren 26an egingo dute, Iztietako Diputazio plazan,
Lucy filmarekin.
Film guztiak 22:00etan emango dituzte eta euria egiten badu Koldo Mitxelena ikastetxearen patioan emango dituzte. 100 aulkitik gora jarriko dituzte publikoarentzat.
Zinema zabaltzea
Ion Collar kultura zinegotziak eskerrak eamn dizkio Oz Zinema elkarteari egiten duen lanagatik, “klabea zen zinema berreskuratzea eta udan aukera ematea herritarrei: “Hilabetero eskaintza egitea eta zinema sustatzeak esfortzua eskatzen du eta eskertu beharra dago egiten duzuen lana”.
Aste honetan bertan egingo dituzte soinu eta irudi probak baina arazorik ez dela izango aurreikusi dute Oz Zinemako Nagore Portugal eta Jonatan Sedeñok, “lehenengo aldia da egingo dugula udako zinema, baina konbentzituta gaude ongi aterako dela”. Orain arteko ibilbidearen gaineko balorazioa ere baikorra izan da, “guk eskaintzen duguna zine txikiagoa da, ez komertziala, baina jendeak ongi erantzuten du eta fidela da gainera”, esan du Portugalek. Batez beste, 75 lagun joan dira orain arte antolatutako filmak ikustera. Irailerako programazioa ixten ari direla esan du Sedeñok, “filme erakargarriak aukeratzen saiatzen ari gara”.