Jose Manuel Ferradas: Ez ahazteko, oroitu
Jose Manuel Ferradas Errenteria Irabaziz-eko kideak memoria historikoari buruz idatzitako eskutitza.
Hilaren 13an, asteartea, 80 urte beteko dira indar frankistek Errenteria hartu zutela. Norbaitek pentsatuko du horiek antigualeko batailak direla, ahaztu beharrekoak. Are gehiago, herritarren zati handi batek ahaztu du hori guztia, edo gazteenen kasuan, ez dakite. Badago ere oroimena mendeku historiko gisara erabiltzen duenik ere.
Ez da mendeku historikoa oroitzea duela 80 urte frankistek edozein demokrazia izpi ezabatu zutela. Gertatu zena oroitzea da, besterik gabe, oinarriak jartzea gertatu zen hori berriz ere gerta ez dadin. Baina beharrezkoa da ere memoria ariketa egitea exekutatu zituzten pertsona horiek oroitzeko, euren senitartekoek oraindik ere exekutatu horien gorpuzkinak berreskuratu ez dituztenean, esaterako. Errenteriako Udaleko langileen kasuan, Felix Elgarrista, Jose Elorza, Celestino Gaztelumendi eta Miguel Irastorza, nahiz Serapio Mendarte zinegotzia. 80 urte eta gero, horien arrastoak desagertuta jarraitzeak esan nahi du orduan gertatu zena gure hurbileko historian itxi gabeko atala dela. Baina horien memoria historikoa bizirik mantentzea ez da bakarrik euren senideekiko elkartasun keinua, demokrazia ariketa sakona ere bada.
Horregatik ni neu udaletxean egongo nahiz hurrengo asteartean, hilak 13, 19:00etan. Omenaldia egingo zaie bost pertsona horiei. Haiek oroitzeko ekitaldia izango da, baita gogoratzeko ere duela 80 urte errenteriarren aske bizitzeko eskubidea urratu zutenak izan zirela. Iragana ahaztu edo arbuiatzeak ez gaitu askeago egingo, kontrakoa baizik. Horregatik beharrezkoa da oroitzea.