Londresko Wordl Beer Awars lehiaketak (Munduko garagardoen saria) hiru urrezko domina eman dizkio Olañetari. Olañeta Blonde, Olañeta Brown eta Olañeta IPA garagardoek lortu dituzte urrezko dominak, hiru guztira.
Pablo eta Iñigo Olañeta, 95 urteko historia duen enpresaren hirugarren belaunaldia dira.
Londresko World Beer Awards lehiaketak (munduko garagardoen saria) hiru urrezko domina eman dizkio Olañetari. Olañeta Blonde, Olañeta Brown eta Olañeta IPA garagardoek lortu dituzte urrezko dominak, hiru guztira. Mundu mailako bost sari ezagunenetako bat da, eta Olañeta garagardoekin batera, mundu osoko 67 herrialdeko 1.500 garagardok hartu dute parte.
Errenteria-Oreretako Egiburuberri industrialdean kokatuta dagoen
Licorera Vasca-Olañeta familia enpresak ekoizten du Olañeta artisau garagardoa, eta bertan dira lanean Olañeta anai-arrebak 2006az geroztik. Urte hartan heldu ziren Buenavistatik, eta 95 urteko historia duen enpresaren hirugarren belaunaldia dira. Likoreak egiten zituzten aurretik, eta 2010ean erabaki zuten artisau garagardoarekin lanean hastea. 2013an merkatura atera zuten lehenengoz.
Sariak babes handia suposatzen duela, egindako lanari bultzada ikaragarria emango diola argi du Pablo Olañetak: “Lana ongi egiten duten enpresa asko dago Gipuzkoan eta baita Errenteria-Oreretan ere. Halako sari bat irabazteak, ordea, publikoki onartzea zure produktua, bultzada da guretzat, gure bezeroentzat, eta batez ere azken kontsumitzaileentzat. Garagardo onak direla badakite azken horiek, baina sari hauek bermea dira”. Izan ere, garagardoetan aditua den Londresko epaimahai batek erabaki du urrea Olañeta garagardoei ematea, “garagardo kontsumo eta ekoizpen handienetakoa du Londresek”, gaineratu du Olañetak.
Maitasun handiarekin egindako produktua
Olañeta artisau garagardoak zer duen berezi galdetuta, berehala erantzun du, “maitasun handiarekin egindako produktua da, hasiera hasieratik zaindutakoa da”. Garagardoak %90 ura du, Añarbeko ura erabiltzen dute, “kalitate handikoa da nahiz eta ez garen ohartzen eskura dugulako etxeko iturrietan”. Beste osagaia garagar malteatua da, eta lupulua azkena. Olañetarentzat lehengaien aukeraketa da amaierako produktua bermatzeko oinarria, “lehengaien aukeraketa ezinbestekoa da produkturako, osagai onak baldin badituzu zaila da produktu txarra egitea”.
Garagardo ona egin nahi dutela argi dute, baina lehengaia bertakoa izatea ere badute helburu. “Garagarrarekin lortu dugu, Arabatik ekartzen dugu, Garlan kooperatibatik. Lupulua ez dugu lortzerik bertan momentuz, baina proiektua dago Euskal Autonomia Erkidegoan ekoizten hasteko”.
Osagaiekin batera, ekoizpen prozesua ere garrantzitsua da goi mailako garagardoa lortzeko. 80 litro garagardo ekoizteko 20 kilo garagar erabiltzen dituzte Olañetarrek eta metodo tradizionala edo
chanpanoise, “ardoarekin edo txanpaina egiteko erabiltzen dena. Bigarren irakinaldia botila edo upelean egiten du legamiak, ez da CO2 artifizialik erabiltzen”. Horrek denbora eskatzen duela, tenperatura kontrolatzea eta prozesua garestitzen duela esan du, “baina emaitzan nabaritzen da”.
2013an merkatura atera zituzten lehen Olañeta garagardoak. Lehen urtean 10.000 litro ekoiztu zituzten, hurrengoan 20.000 eta iaz, 30.000 litrorekin itxi zuten urtea. Aurten 35.000 eta 40.000 litro artean ekoiztuko dituzte.
Tokiko garagardo kultura sortu
Iñigo Olañetak
sukaldatzen du garagardoa. Zopa bat egitea bezalakoa omen da: “Osagaiak dira garrantzitsuak, kalitatezkoak izatea eta ondo nahasten asmatu behar duzu gero”. Garagar aleak beratu ditu Iñigok, “te poltsa balitz bezala”, urarekin azukrea askatzen duela azaldu du eta ondoren uretatik aterata likido guztia botatzen utzi du. Alea kenduta, lupulua gehitu dio, “mikaztasuna eta ezaugarri antioxidatzaileak ematen dizkio azken horrek garagardoari”. Olañeta Blonde prestatzen ari da eta lupuluarekin batera, zilantroa eta Irlandako algak ere baliatu ditu, “azken horiek garagardoaren kolorea argitzen dute. Produktu naturalak dira guztiak”. Muztioaren gozotasuna eta lupuluaren mikaztasuna uztartzen ditu legamiak, “bera da magia egin eta azken produktua, garagardoa, emango diguna”. Hartzitzaileetan sartu eta bost eta zazpi egun artean lehen irakinaldia amaituko da. Botiletan edo upeletan sartuko dituzte ondoren eta 18 eta 20 gradu artean hiru edo lau astez izango dituzte bigarren irakinaldia bertan egin dezan.
Hori amaituta prest da Olañeta garagardoa merkatura ateratzeko, baina biltegian ere baldintza jakinetan izaten dute, 12 gradura, “gazta baten antzekoa da, bizia du eta zaindu egin behar da produktua”.
“Tokiko garagardo kultura sortu nahi dugu”, argi dute Olañetarrek, “garagardo bakoitza bere inguruan saldu behar da. Bartzelonara bazoaz ez bilatu Olañeta, bilatu bertako garagardoa, tokian tokikoa. Hau da filosofia”.
Euskal Garagardo Elkartea Basque Beer ere sortu berri dute, eta une honetan diren 17 euskal ekoizleetatik bederatzik egin dute bat. Pablo presidentea da.
Olañeta Garagardoa Euskal Herriko Eroski supermerkatuetan aurki daiteke, baita Oarsoaldea eta Donostialdeko taberna eta jatetxe askotan ere. Martin Berasategik, Akelarrek, eta Arzakek ere eskaintzen dute. Banatzailea, berriz, Birlagun Oarsoak da.
Artisau garagardoak ez duela aurkezpen handiagorik behar diote Olañetarrek, “zabaldu eta dastatu. Zaporeak irauten du, gorputza dauka, zapore handia”.
Errenteria-Orereta eta Donostiako garagardo azoketan izan da Olañeta. Datozen zitak, berriz, Lezon eta Oiartzunen izango ditu. Lehenenean hileko azken asteburuan izango da garagardo azoka, eta Oiartzunen urrian.