Errenteriako koralaren 50. urteurrena ospatu nahi izan du Ondartxo Abesbatzak XXXI. Musika Abesbatza Astean.
Errenteriako Korala 50. urteurrena ospatzen ari da aurten
Martxan da San Pedron XXXI. Musika Abesbatza Astea. Lehengo ostiralean abiatu zen, Asier Altunaren
Bertsolari filmaren proiekzioarekin, eta aste honetan izango du segida,
Andra Mari Abesbatzak San Pedroko elizan eskainiko duen kontzertuarekin. Urrezko ezteiak ditu aurten Andra Marik, eta Ondartxo Abesbatzak ospakizunari toki egin dio egitarauan.
Hurrengo zita hilaren 17rako jarri du Ondartxok. Ostegunean, Ez Dok Amairu mugimenduari buruzko film dokumentala emango dute, 19:30ean, udal aretoan, eta ostiralean, hilak 18, Oskarbiren kontzertua izango da elizan, 20:00etan.
Hilaren 19an, berriz, II. Aita Manuel Eguna ospatuko dute, arraunari buruzko hiru film labur proiektatuta: Asier Altunaren eta Telmo Esnalen
Iraila, Julio Medemen
La ballena real – biak Moriarti ekoiztetxekoak–, eta Jose Eguia Monzonisen
Regatas en San Sebastian 1930. Emanaldia 18:00etan hasiko da, udal aretoan.
Pilartxo andereñoari omenaldia
Aurten euskarari aitortza egin nahi izan dio Ondartxok Musika Abesbatza Astean, eta hilaren 25erako omenaldi hunkigarria programatu du. Andereño Pilartxo omenduko dute, eta bide batez,
Dunixi Ikastolaren 50. urteurrena ospatu.
Pilartxo Arratibelen etxeko gela batean antolatu zen San Pedroko lehen ikastola haren hastapenak eta geroko bilakaera gogoratzeko emanaldi berezia prestatu dute San Pedron. 20:00etan izango da elizan.
Asteburu horretan bertan, baina bezperan (hilak 24), Pasaia Gazte Abesbatzaren kontzertua izango da ordu eta toki berean.