Garazi Ugalde Bizkaiko Foru Aldundian izan da gaur saria jasotzen. 'Morfologiak' lanagatik eman diote saria. Bizkaiko aldundiak antolatzen ditu saiok, euskararen normalizazioan eta sustapenean lanean dabiltzanei aitortza egiteko.
Lauaxeta Sarietan aitortuak izan direnak, tartean Garzi Ugalde lezoarra. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia.
Garazi Ugalde Pikabeak beste sari bat lortu du. Oraingoan Bizkaian. Bertako foru aldundiak Lauaxeta Sariak antolatzen ditu urtero, euskararen normalizazioan eta sustapenean dabiltzan norbanako eta eragileei egiten duten lana aitortzeko. Sarien barruan, poesiaren eta ikus-entzunezkoen ataleko sariak ere ematen dituzte: Garazi Ugaldek 35 urtez azpikoen poesia sailean irabazi du lehen saria,
Morfologiak lanagatik.
Olerki bilduma da Morfologiak. Eta gaurko sarien ematean epaimahaiko kideek esan dutenez, aho batez erabaki dute lezoarrari ematea saria. Hala, epaimahaiak honakoa baloratu du lanean: “Izenburuari estekaturiko esplorazio poetikoa da, non hitzak eta emozioak, zirrarak eta begiradak, piezaz pieza doazen gorpuzten, hausnarketa sotil bezain betean eratuz”.
Bere sorkuntzengatik ez du lehenengoz lortu sari bat Ugaldek. Adibidez, aurten,
bigarrenez irabazi du Pasaiako Hiria Literatur Lehiaketa Morfologiak lanarekin ere. Aurretik, 2014an ere irabazi zuen sari hori.
Beste sarituak
Bizkaian ospe handikoa da Lauaxeta sariketa. Euskararen Egunaren bueltan ematen dituzte sariak, hizkuntzaren normalizazio eta zabalkundean urrats esanguratsuak egiten dituztenen ahaleginak saritzeko. Hala,
gaur egin dute sariak emateko ekitaldia, Bizkaiko Foru Aldundian.
Ugaldez gain, Jose Angel Iribarrek eta Bizkaiko euskaltegiek jaso dute Ohorezko Saria. Olerkian, baina 35 urtetik gorakoen atalean, Juan Kruz Igerabideren
Lainoa janez lana saritu dute. Ikus-entzunezkoen sailean Hannot Mintegiak jaso du aitortza,
Markak lanagatik.