Akordioa babesteko bidean herritarren sinadurak bilduko dituzte, hilaren 17an.
EAJk eta EH Bilduk akordioa egin zuteneko argazkia errepikatu dute gaur Lezon.
Hondakinen gaian elkarrizketaren, adostasunaren eta akordioaren bidea jorratu nahi du lezoar talde batek, Akordioaren Aldeko Herritar Taldeak. Akordioaren ideia legealdi honetan EAJk eta EH Bilduk
sistema mistoaren alde egin zuten hitz ematean mamitu dute, esanaz akordio hura bai alderdien adostasunaren aldetik (udalean ordezkaritza duten bi alderdi nagusien izenpetu zuten), bai eta hondakinen gaiari irtenbide egoki bat emate aldera ona zela. Azken asteetan, baina,
bost edukiontzien sistema abiaraziko duela esan du udalak.
Hala, EAJren eta EH Bilduren akordioaren sinbolo den argazkia errepikatu nahi izan dute gaur udaletxearen aurrean. Izan ere, herritar taldeak uste du aurreko legealdian atez ateko sistema “baldintza eta modu desegokian” ezarri zela. Eta orduko giro hori ez dute errepikatzea nahi sistema berri bat, edozein dela ere (%80ko birziklatze tasara iristen dena baldintzatzat dute), ezartzerakoan. Horregatik diote eztabaida eta adostasuna beharrezko direla, eta akordioaren ideia berreskuratu nahi dutela.
Herritar talde horrek lau oinarriko eskaera egiten du:
- Alderdiek eta herritarrek osatutako mahai bat ahalik eta azkarren abiaraztea.
- %80 inguruko bereizketa maila bermatuko duen sistemak adostea.
- Galdeketa baten bitartez bilketa sistema erabakitzea.
- Guztien artean erabakitako sistema errespetatzea.
Hori horrela, puntu horiek biltzen dituen manifestua herritarrek babes dezaten sinadura bilketa egingo dute hilaren 17an, 12:30etik aurrera, Lezoko plazan. Kalejira ere egitekoak dira sinadura bilketarekin batera.
Azken albisteak
Herritar taldea, manifestua irakurri bitartean.
Herritar taldeak jakinarazi du udalak jarri asmo duen bost edukiontzien sistema “eztabaidarik gabe eta parte hartzerik gabe” abiatu nahi dela. Ildo horretan, taldekoek oroitarazi dute egungo alkateak, kargua hartu eta gutxira, hedabide bati eginiko elkarrizketan herri galdeketaren bidea hartuko zuela hondakinak biltzeko sistema ezartzeko.
Gainera, joan den asteko udalbatzarrean, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin,
mozioa aurrera atera zen. Horretan jasota zegoen udalak ezarri behar duela lehenik herriak behar duen birziklatze tasa (egungoaren antzekoa izan zedila zehazten zen), eta hori hondakinen mahaitik ateratako proposamenen bidez, herritarrek erabakiko zutela zein aukeratu, ondoren boto gehien jasotakoa ezarri, eta egoki doan aztertuz. Gainera, datozen legealditan alkatetzara edozein alderdi iritsita ere, sistema errespetatzeko eskatzen zuen mozioaren testuak.
Herritarren taldeko ordezkariek gaurko agerraldian esan dutenez, “kanpoko presioak” izaten ari dira, batez ere, mozioaren alde egin zuen PSE-EEko kidearen gainean. Eta ez dute baztertu erabaki horretan atzera egiteko urgentziazko udalbatzarra deitzea datozen egunetan.