Jaizkibel Mendi Taldeak prest du datorren urterako egutegia.
Jaizkibel Mendi Taldeko kideak, Zaitegiko gaztelura egindako irteeran.
Antxoko
Jaizkibel Mendi Taldeak 2017ko ekitaldien egutegia prest du. Guztira, hamabost irteera programatu dituzte; sei Euskal Herriko Gazteluak ezagutzeko azken bost urteetan egiten ari diren itzuliaren barruan, eta gainontzeko bederatziak Kontrabandisten Bidearenak.
Iaz ekin zioten Jaizkibel Mendi Taldekoek Kontrabandisten Bidea egiteari eta dagoeneko bost etapa osatu dituzte. Hurrengoa, berriz, urtarrilaren 15ean dute. Ikasturteko lehen irteera izango da, Beintza Labaien eta Belate artekoa. Interesdunek, ohi bezala, elkarteak Antxoko Oarso kalean duen egoitzara jo dezakete izena ematera, asteazken eta ostiraletan, 20:00etatik aurrera. Telefonoz ere eman daiteke izena, 647 004 986 zenbakira deituta, edo
postaz mezu bat idatzita. Irteeraren prezioa 15 euroko da.
Bestelako ekitaldiak
Jaizkibelek, urtero, asteburuetako eguneko txangoez gain, bestelako ekitaldiak antolatu ohi ditu, eta aurten ere hala errepikatuko dute. Aste Santuko irteera berezia, edota ekainean Pirinioetara hiru egunetarako egin ohi dutena, baita mus txapelketa edota Lagunarteko Bazkaria ere… urteroko klasikoak dira Antxoko Mendi Taldearen
egutegian.