Akordioaren Aldeko Herritar Taldeak esan duenez, Lezoko gehiengo batek hondakinen gaia, horien bereizketa, akordioa eta galdeketaren bidez konpontzearen alde daude.
Lezoko Akordioaren aldeko taldeak kalejira egin zuen herriko kaleetan hondakinen bilketa sistemaren inguruko akordioa eskatzeko.
Akordioaren Aldeko Herritar Taldeak sinadura bilketa eta kalejira egin zituen larunbatean. Tarte horretan 258 sinadura bildu zituzten. “Kopuru esanguratsua” dela esan dute, “udal gobernu taldeak ez bai du denbora utzi akordioaren aldeko lanketa egiteko”. Sinadura horiek, udalean dira jada, gaur goizean aurkeztu dituzte-eta erregistroan. Akordioaren Aldeko Herritar Taldeak esan duenez, Lezoko gehiengo bat hondakinen gaia, horien bereizketa, akordioa eta galdeketaren bidez konpontzearen alde daude.
Sinadurak aurkeztuta, gobernu taldeari asteazkenean erabaki behar duen proposamena bertan behera uzteko eskatu nahi dio taldeak, hondakinen mahaia abiatzea eta akordioaren bidez konpontzea hondakinen auzia. Egun horretan,
bosgarren edukiontzia 2017an martxan jartzea erabakiko du plenoak.
Hondakinen bilketa sistema aldatzeaz gain, hondakinen bilketa San Marko Mankomunitatearen esku uztea erabakiko dela salatu du taldeak, “bilketa udal eskumena denean”. EAJ eta PSE-EEko zinegotziek erakutsitako jarrera “surrealista eta salagarria” dela gaineratu du Akordioaren Aldeko Herritar Taldeak: “Jakin badakigu asteazkenean plenora eramango den agiriak zalantza ugari sortu dituela eta horrela jakinarazi diela alderdi politiko guztiei udal idazkariak eta Hirigintza abokatuak. Zalantza horiek argitzeko denbora hartu beharrean baiezkoa bozkatuta aurrera egin nahi dute”.
Komunikaziorik ez
Akordioaren Aldeko Herritar Taldearekin komunikazio biderik ez deula zabaldu udalak salatu dute bestalde, eta horrek parte hartzeari udalak dion beldurra agerian uzten du adostasuna helburu duen herritar taldearentzat, “nola ulertu behar dugu orain sistema aldatzea inolako bilerarik, parte hartze prozesurik eta galdeketarik gabe? Non gelditzen da Jesus Maria Martiarena Lezoko alkateak maiatzean egunkari bati emandako elkarrizketan esandakoa? Bertan, 2017an galdeketa deituko zuela udalak esan zuen hondakinen bilketaren gainean”.
Gezurretan ibiltzea leporatu diote alkateari eta PSE-EEko zinegotziaren jarrera “harrigarritzat” jo dute. “Duela hiru aste plenoan galdeketaren alde egin zuen, eta orain, batzorde batean, galdeketarik gabe sistema aldatzearen alde bozkatu du. Surrealista da”.
Akordioaren alde “eskua zabalik” jarraituko duela esan du Akordioaren Aldeko Herritar Taldeak, “baina aldi berean gaizki eginak iruditzen zaizkiguna salatzen ere”.