Etzi egingo dute laugarren Lezo-Jaizkibel Mendi Lasterketa. Parte hartuko duten lezoarren kopurua bikoiztu da ia, eta emakumeen kopuruak ere gora egin du. Pozik daude antolatzaileak.
Lezo-Jaizkibel Mendi Lasterketa 10:00 abiatuko da Gurutze Santuaren plazatik.
Etzi egingo dute Lezo-Jaizkibel Mendi Lasterketa. Laugarren aldia du, baina beste hiruretan gertatu bezala, hasi aurretik lortu du arrakasta aurtengoak ere. Hamahiru ordu baino ez zituzten behar izan 350 dortsalak agortzeko. Erantzunarekin «pozik» azaldu dira Lezotarrak Lasterkari Talde antolatzaileko kide diren Xabier Lasaga eta Ibon Intxaurrandieta: «Urtarrilaren 1eko 00:01an zabaldu genuen izena emateko epea eta hamahiru ordutan amaitu ziren dortsalak».
Arrakastaren atzean zer dagoen ez dakite, «sekretua zein den ez dakigu, baina uste dugu faktore ugari daudela horren atzean: lasterketak distantzia polita du, Jaizkibel paraje zoragarria da, lasterketen artean urteko lehenengoetakoa da… Horrekin batera bi lehentasun ditugu antolatzen hasi ginenetik, Lezori bizitza ematea, eta korrikalariek behar dituzten baldintzak bermatzen saiatzea. Gu lasterkariak gara eta badakigu zer izaten dugun gustuko eta zein behar ditugun, hori kontuan hartzen dugu, eta korrikalari guztiak mimatzen saiatzen gara». Azken batean gauzak ongi egiten saiatzen direla esan dute, eta emaitzak ikusita, bete-betean asmatzen ari dira.
Herritarren laguntza eta babesak ere izango du ziurrenik zerikusirik arrakasta horretan. Lasterketa antolatzen hasi zirenetik 100 lagun inguru ibili dira boluntario lanetan, eta aurten ere kopuru hori errepikatuko da: «Denbora asko eskatzen du halako zer edo zer antolatzeak, eta azkenean jendea inplikatu behar duzu tortillak egiteko, bidegurutzetan egoteko… Dendak, tabernak, eragileak, udala… Jotzen dugun lekura jotzen dugula, atea zabalik hartzen gaituzte. Antolatzaileen izenean eskerrak eman behar dizkiogu herriari, aurrera egiteko indarra ematen digulako eta laguntzen gaituzten horiek guztiek gabe hau ez litzatekeelako posible izango».
Ibilbidea doitzen joan dira hiru urteetan, eta badirudi asmatu dutela. Aurtengoak, beraz, ez du aldaketarik izango.
Kilometrorik gogorrenak
14 kilometro eta 200 metroko ibilbidea du Lezo-Jaizkibel mendi lasterketak, eta 1.200 metroko desnibel metatua. Puntu baxuenak 18 metro ditu eta altuenak, berriz, 543 metro: «Kirol berri batean jende guztiak egin dezakeen ibilbidea aukeratzen saiatu gara», azaldu du Intxaurrandietak.
Zailenak lehenengo zazpi kilometroak dira Intxaurrandietaren esanetan, «igoera aldetik, zati horretan batzen dira metro positibo guztiak, beste zazpiak maldan behera dira». Lau anoa postu izango dira aurtengo lasterketan, hiru edariarenak soilik, eta laugarrena janari-edariarena. Lasterketa 10:00etan abiatuko da Gurutze Santuaren plazatik, eta ordu eta erdi aurretik hasiko dira puntu horretan bertan dortsalak banatzen.
Kiniela egiten ere ausartu dira Lasaga eta Intxaurrandieta: «Aurreko hiru edizioak irabazi dituen Hondarribiko Iker Oliveri izango dugu aurten ere, baina arerio nahiko gogorrak izango dituela uste dugu: Joxe Amunarriz hondarribiarrak nahiko estu harrapatuko du; Ander Iñarra lezoar gaztea ere hor izango da, eta horiekin batera, Unai Santamaria hernaniarra, Jon Ugalde andoaindarra, eta Gorka Herce oiartzuarra ere». Emakumeetan faborito nagusia argi dute: Lurdes Oiartzabal lezoarra. «Orain arte bigarren postuak egin ditu, baina badakigu oso indartsu dabilela mendian korrika». Oiartzabalekin batera, Uxune Tena andoaindarra eta Araitz Irazu hernaniarra aipatu dituzte.
Lasterketan parte hartuko duten emakumeen kopuruak aurten gora egin duela erantsi du Lasagak, «iaz 37 izan ziren, eta aurten 42. Gora doa kopurua eta pozik gaude horrekin». Gora egin du ere Oarsoaldeko lasterkarien kopuruak, ehundik gora lagunek eman dute izena lasterketan parte hartzeko. Hala ere, daturik esanguratsuena lezoarrena da Lasagaren esanetan: «iaz 24 lezoar aritu ziren, eta aurten 42k eman dute izena. Emozionatu egin gaitu datu horrek. Baliteke lasterketa honek aurretik korrika egiten ez zuen jendea animatu izana».
Gazteen lasterketa
Iaz antolatu zuen Lezotarrak Lasterketari Taldeak gazteen lasterketa lehenengoz. Aurten mantendu egin du, eta 15-18 urte arteko hamar lagunek zuten izena emanda atzo goizean. Zazpi kilometroko ibilbidea egin beharko dute gazteek. Lasterketa horrekin lasterketetan dabiltzan gazteei aukera bat eskaini nahi diete, Intxaurrandietaren esanetan: «gure asmoa ez da jende asko etortzea, korrika dabilenari aukera ematea baizik. Badakigu beste kirol batzuk indartsuago daudela hau baino».
Haurrek ere izango dute lasterketan parte hartzeko aukera. Bost taldetan banatuta (0-2, 3-5, 6-8, 9-12, eta 12-15 urte artekoak) 10:15ean hasiko da lasterketa herriko plazan. Parte hartzeko dortsal solidarioak izango dituzte salgai 09:30etik 10:00etara, euro batean.
Izan ere, Lezo-Jaizkibel Mendi Lasterketa elkartasunerako ere baliatuko dute, eta inskripzio bakoitzeko euro bat Zaporeak elkarteari emango diote antolatzaileek. Greziako Kios uhartean sukaldea du Zaporeakek, eta bertan dauden errefuxiatuei jaten ematen diete egunero. Une honetan 1.200 errefuxiatu dira bertan. «Zaporeak elkarteak jatekoa ematen die, baina baita ere lasaitasunerako eta komunikaziorako gune bat. Euro batekin otordu bat lortzen dute», azaldu du Mikel Arozena Zaporeak elkarteko kideak.
Postua ere jarriko du Zaporeak elkarteak Lezon lasterketa bitartean, «kamisetak-eta salduko ditugu, baina informazioa ere zabalduko dugu». Eskerrak eman dizkio Arozenak Lezotarrak taldeari, «bilduko duten diruagatik, eta gaia presente izaten laguntzeagatik».
Lierni Lekuonari aitortza
12:00etan egingo dute sari banaketa Gurutze Santuaren plazan, eta tartea egingo diote Lierni Lekuona 21 urteko txirrindulari lezoarrari. Lana aitortuko diote, «txalotu bere esfortzua, eta indarrak eman. Lekuona, Bizkaia-Durango taldean dabil. 14 urterekin Gipuzkoako txapelduna izan zen, 16 urterekin Euskadiko kadeteetan txapeldun eta Espainiako txapelketan bigarren, eta iaz Italiako Giroan aritu zen. Ibilbide polita egiten ari da lezoarra», esan du Lasagak.
Iker Oliverik aurreko hiru edizioak irabazi ditu.
«Irabazi, edo behintzat borrokan egon nahiko nuke»
Iker Oliveri- Korrikalaria
Laugarren Lezo-Jaizkibel Mendi Lasterketa izango da etzikoa. Hirutik hiru irabazi dituzu. Zer suposatzen du horrek zuretzako?
Azkenean horrek lanak eginak nituela erakusten du, eta hiru asko dira, baina laugarren baten bila joan nahi dut ere.
Laugarrena irabaztea helburu duzula diozu. Antolatzaileek zaila izango dela esan dute, konpetentzia handia izango dela.
Bai, badakit. Joxe Amunarriz hondarribiarra dago batetik, herrikidea, eta aukera handiak ditu irabazteko. Ander Iñarra lezoarra kalitate handiko mutila da, bere etxean gaude gainera. Hala ere ni saiatu egingo naiz, eta gero ea zer ateratzen den.
Errepikatzen baduzu eta hiru alditan irabazita, zerbait berezia izango du Lezo-Jaizkibel lasterketak?
Baditu berezitasun batzuk. Lehenengoa hondarribiarra izanik askotan han inguruan entrenatzen dudala, eta lekua asko gustatzen zaidala. Bestalde, lasterketa mota ere erakargarria da, kilometro bertikala dauka, ni igotzen ondo ibiltzen naiz, eta gero lautada handia dauka eta jaitsiera azkarra. Ni, asfaltoan ibiltzen naizenez, gustatzen zait eta nahiko ondo defendatzen naiz. Gero lasterketan zehar paisaiak politak dira, herria oso polita da, sartzen garen kaskoa oso polita da. Oso ondo antolatzen dute, lasterketa txikia da, baina polita da, bere xarma du.
Lasterketa txikia dela aipatu duzu. Hori bera nabarmendu dute antolatzaileek, eta horrela mantendu nahi dutela diote, kalitatea zaindu eta lasterkariak mimatzeko.
Bai, hala da, eta nabaritzen da horretan saiatzen direla.
Zein prestaketa egiten duzu lasterketa honi begira?
Helburu potentea dut, ia mendiko lasterkari gehienek izaten duguna: Zegama-Aizkorri egitea da. Bitartean erronka txikiak izaten ditugu, eta ni urtero-urtero Lezon azaltzen naiz, Talaia egiten dut…
Prestaketa modukoa da Lezo-Jaizkibel?
Prestaketa modukoak dira, baina Lezo-Jaizkibel egiteko ere entrenamendu berezia egiten dut. Aurreko urteetan ez dut egin izan, baina aurten suebakian aritu naiz, kilometro bertikal horretan ibili naiz pare bat egunetan. Gorantz ondo ibiltzea garrantzitsua da.
Lasterketaren zailena?
Batez ere kilometro hori, igoera izango da. Bai Joxe [Amunarriz] eta bai Ander [Iñarra] maldan gora ni beste edo gehiago ibiltzen dira. Hor defendatzen banaiz gero lauan aukera handiagoak izango ditut.
Zer espero duzu igandean?
Irabaztea edo behintzat borrokan egotea gustatuko litzaidake, eta mugara ongi iristea.
Lurdes Oiartzabal faborito nagusia da.
«Ondo ikusten dut nire burua, lasterketarako prestatu naiz»
Lurdes Oiartzabal-Korrikalaria
Laugarren urtea du Lezo-Jaizkibel Lasterketak. Zuk orain arteko hiru edizioetan bigarren postua egin duzu. Aurkezpenean antolatzaileek emakumeen artean faborito nagusia zarela esan dute. Nola ikusten duzu zure burua. Aukerak ikusten dituzu lehenengo sailkatzeko?
Egia esan ondo ikusten dut nire burua lasterketarako, prestatu naiz. Aurreko urteetan beste probak egin izan ditut asteburu berean Jaizkibel-Lezo lasterketaren aurretik, aurreko egunean duatloia eginda joan izan naiz lasterketara, dobletea eginda. Aurten, ordea, ez dut horrela egingo.
Lezo-Jaizkibelerako gordeko dituzu indar guztiak aurten?
Bai, bai. Horretara joango naiz, lasterketa hori egitera beste ezer egin gabe aurretik. Uste dut hobeto iritsiko naizela horregatik igandera.
Zer dauka zuretzat berezia lasterketa honek. Zer suposatzen du?
Gauza batek baino gehiagok egiten dute berezi. Batetik, nire herrian da, eta horrek oso berezia egiten du. Bestetik, nahiz eta ni gehiago asfaltoan–eta ibili, beti entrenatzen dut mendian. Urte osoan zehar astean behin mendian egiten dut entrenamendua. Jaizkibel, bestalde, gustuko dut, eta ezagutzen dut gainera. Lasterketa herrian izatea berezia da jada niretzako.
Zure burua lasterketarako ongi ikusten duzula esan duzu. Zein izango da zatirik gogorrena?
Lasterketaren zatirik gogorrena, zalantzarik gabe, suebakiarena izaten da beti, kilometro bertikal hori. Aitortu behar dut, ordea, gustatzen zaidala igoera. Maldan gora gustura ibiltzen naiz, gainera. Oso gustura.
Antolatzaileek nabarmendu dute emakumeen kopuruak gora egin duela aurten lasterketan. Iaz 37 emakumek hartu zenuten parte eta aurten 42k. Zer iruditzen zaizu mendi lasterketa honetan emakume gehiagok parte hartzea?
Oso berri ona iruditzen zait emakumeen kopuruak gora egitea. Uste dut, beti ere mendiak pixka bat atzera egiten duela edo, orain arte hala izan da behintzat. Baina egia da azken aldian ikusten dela emakumeak hasi garela zertxobait gehiago ausartzen mendi lasterketekin, eta datu horiek hala erakusten dute. Positiboa iruditzen zait emakume gehiagok parte hartzea lasterketan.
Prestaketari dagokionez, zerbait berezia egiten duzu Lezo-Jaizkibel lasterketa egoki prestatzeko?
Zertxobait bereziagoa izan da aurtengo prestaketa. Egia da mendira joaten naizenean ibilbidea ez dudala egiten suebakitik. Baina aurten, egia da, egin dut, bertan izan naiz entrenamenduak egiten.