Portuko Plan Bereziaren gaineko informazio bilera egingo du gaur aldundiak, eta gonbidatu dituzten arren, ez direla joango iragarri du herri plataformak.
Trintxerpeko herritarrak, beren ordenazio proposamenaren defentsan ari dira aspalditik.
“Instituzioen erasoei ez. Inbertsioa bai, baina Pasaian herritarrek eraikitako proposamena errealitate bihurtzeko”. Horixe defendituko du gaur arratsaldean Herrera Herrira plataformak, 18:00etarako antolatu duen elkarretaratzean. Trintxerpeko alkateordetzan izango da kontzentrazioa, aldundiak han bertan Portuko Plan Bereziaren gaineko informazio bilera bat egitekoa dela baliatuta.
Kaiko Herrrera “espekulaziotik libratu” nahi du herri plataformak, haren iritziz, Portuaren Plan Berezia gauzatzeak inguruan “plataforma logistiko handi bat” ezartzea, eta Pasaiaren “etorkizuna beste 50 urterako hipotekatzea” ekarriko lukeelako.
Herri plataformaren ustez, aldundiak “partaidetza-itxurako zerbait” egin nahi du gaurko deialdiarekin, “berain inposizioa legitimatu nahian”. Horrez gain,Pasaiako Udala biziberritzearekin lotura duten gaietan jokatzen ari den papera deitoratu dute, “berez dagokion ardura publikoa eta politikoa albo batera utzi eta hirugarrenen eskura” uzteagatik.
Udalak berak Portuko Plan Bereziari 54 alegazio aurkeztu dizkiola eta horiek defendatzeari uko egin diola salatu du Herrera Herrirak. Bide beretik, Udaleko Hirigintza Planeamendu Aholku Batzordeak Plan bereziaren kontrakoa dela gogorarazi dute.
Herrian herritarrek eraikitakoa
Gaurko foroa “inposizioa eta xantaia” legitimatzeko helburua duenez, ez dutela parte hartuko iragarri du Herrera Herrirak. Bide batez, dei egin diete erakunde guztiei “inposizio jarrerak albo batera utzi ditzaten” eta “bat egin dezaten bertako herritarrak elkarrekin adosteko eta eraikitzeko hasitako bidearekin”.
Azkenik, herritarrek kaiko Herrerarako proposatutako antolamendu eredua eta
Pasaiako Udalak 2011ko maiatzaren 28an bere egindakoa oraindik indarrean dela gogorarazi eta “proposamen egingarria” ez ezik “bikaina” dela nabarmendu dute, “herritarren hainbat beharri konponbidea ematen dielako”.