Lehentasunezkoa jo du, ondorioz, LABek, Gipuzkoako Farmazien Hitzarmen bat osatzea.
LAB sindikatuak askatasun sindikalaren aurkako ‘erasoa’ salatu du: “Errenteria erdialdean dagoen Enrique Rodriguez farmazian gertatu da, eta horren salaketa publikoa egin nahi dugu”. Gipuzkoa osoan ez dagoela ordezkaritza sindikalik duen farmaziarik gaineratu du sindikatu abertzaleak, eta ondorioz gehienei Espainiako Estatuko hitzarmena ezartzen zaiela. Lehentasunezkoa jo du, ondorioz, LABek, Gipuzkoako Farmazien Hitzarmen bat osatzea.
Horri erantzuteko sindikatuak hauteskundeak sustatu zituela aipatutako enpresan, eta nola edo hala, farmazia horretako nagusiak hauteskundeak oztopatu nahi izan dituela salatu du LABek, “horretarako eskura dituen trikimailu legal eta ez hain legak guztiak erabili ditu”. Horrelakoak ez direla ohikoak XXI. mendean gaineratu du sindikatuak, “baina zoritxarrez noizbehinka aurre egin behar izaten diegu halako egoerei. Kasu honetan, nagusiak hauteskundeak eta askatasun sindikala boikotatzeko ahaleginek aurrera egin dute, langileen artean liskarrak sortuz eta langileak batzeko ahalegina zapuztuz”.
Egoera publikoki salatzea “ezinbestekoa” izan ziela esan du LABek, “ez baita zilegi langileak hauteskundeak egiteko duten eskubidea oztopatzea, eta ez gara isilduko eskubide urraketa honen aurrean”.