Ametsen Bidea izena jarri diote maiatzaren 27an Kalu Ericek,eta Markelen Irria eta Juneren Hegoak taldeek egingo duten elkartasun elkarlanari.
Amatsen Bidearen bultzatzaileak, egitasmoa aurkezten.
Arkaitz
Kalu Erice egoskorra da. Burugogorra. Ez du etsitzeko asmorik. 2015ean eta iaz bezala, kirol erronka erraldoia jarri dio bere buruari, betiere elkartasun asmoz: maiatzaren 27an, Mutrikutik Hondarribira Gipuzkoako kostalde osoa zeharkatuko du mendi bideetatik. Zertarako? Erantzuna garbia: Markelen Irria eta Juneren Hegoak elkarteek haur gaixoekin eta haien senideekin daramatzaten egitasmoak finantzatzeko dirua bildu nahi du. Ametsen Bidea izena jarri diote egitasmoari. Ametsen Bidea, gogoratu.
120 kilometro, Mutrikutik Hondarribira, eta handik Lezora buelta Jaizkibeldik. Ez da gutxi; asko da, hobeto esanda. Baina 2015eko 100 kilometroko martxaren ondoren, eta iazko 24 ordukoaren ostean,
berotu egin da berriz ere Kalu, “honek guztiak merezi duelako”, esan du erronkaren aurkezpen bideoan. Pasaiako badia, esaterako, bertako arraun klubetako ordezkarien laguntzarekin, traineruekin, zeharkatuko du Ericek.
Eta Kalu eta haren laguntzaileak bidea egiten ari diren bitartean, Lezon, maiatzaren 27an baina 16:00etatik aurrera —goizaldean hasiko da Erice bere erronkarekin— festa giroko elkartasun arratsaldea antolatu dute Juneren Hegoak eta Markelen Irriak taldeetakoek. Bertan, Saldise plazan, haur jolasak, askaria, buruhandi eta erraldoiak, magoak, pailazoak, herri parrillada, musika eta bestelako aktuazioak egingo dira, tartean, Maider Zabalegi oiartzuarrarena, Oscar Portugues gitarra jotzailearena (eta bere taldearena), Hodei Gabino abeslariarekin. Horiek bitartean pasatuko da Erice bere herritik.
Laburtuz: batean edo bestean biltzen den dirua batetik Markelen Irria taldearentzat izango da, Markel Merino haur lezoarrak Therasuit terapiaren saio berri bat jasotzeko aukera izan dezan; gainontzekoa Juneren Hegoak taldeak kudeatuko du, Donostia Ospitaleko haurren eraikina humanizatzeko proiektuaren alde.
Eta zuzenean lagundu ezin dezaketenek, edo informazioa nahi dutenek,
posta elektroniko bat dute denaren jabe izateko, edo edozein zalantza argitzeko.