Lau hamarkada beranduago, Kalera Kalera dinamikak Amnistiaren Aldeko Astea oroitu eta hildako zein zaurituak gogora ekartzeko ekitaldi sorta antolatu du maiatzaren 8a eta 14a bitartean.
Kalera Kalera dinamikak igandean egin zuen agerraldia.
40 urte igaro dira. Amnistiaren Aldeko Asteak ondorio latzak izan zituen, hildako eta zaurituak Euskal Herrian, baita Errenteria-Oreretan ere. Rafael Gomez Jauregi, Jose Luis Cano eta Gregorio Maritxalar errenteriarrak hil zituzten astearen barruan Guardia Zibilen tiroek. Lau hamarkada geroago, Kalera Kalera dinamikak Amnistiaren Aldeko Astea oroitu eta hildako zein zaurituak gogora ekartzeko ekitaldi sorta antolatu du maiatzaren 8a eta 14a bitartean.
Agur eta ohore. Omenaldirik onena, bakea eta askatasuna irabaztea goiburuarekin, hitzaldia, erakusketa, bisita gidatua, eta nazio manifestazioa ere antolatu du dinamikak. Horiek aurkezteko, agerraldia egin zuen Kalera Kalerak igandean Errenteria-Oreretako Herriko Plazan “40 urte eta gero gatazkaren ondorioen konponbide integrala” errebindikatzeko.
Azken hilabeteetan aukera berriak zabaldu direla gaineratu zuten agerraldian, “estatuek desarmearen urratsa ezinezkoa bihurtu nahi zuten hortik, bestelako aukerak zapuzteko eta euskal jendartetik elkarrekin sustatu zitezkeen urratsak eman gabe usteltzeko. Frogaturik gelditu da patu hori ez dela onargarria. Badago ausardia, badago prestutasuna eta jakinduria oztopo horiei aurre egiteko eta bide berriak irekitzeko”.
Duela lau hamarkada amnistiaren aldeko aldarriak espetxeak husteko “planteatutako beharrak” premia berbera duela egun gaineratu zuen dinamikak agerraldian: “Egun eraiki nahi dugun bake oso, justu eta iraunkorrak espetxe huste horren premia berbera du. Herriarekin bat eginez, herritarrekin batera preso, iheslari eta deportatuak kalera, etxera ekarri behar ditugu”. Horren harira, giza errespetuak irabazteko behar handia dagoela gaineratu zuen dinamikak, eta euskal presoen urruntzearekin amaitu eta larri gaixo dauden preso guztiak kalean nahi dituela gehitu. Azken eskaera horrek sostengu sozial zein instituzional zabala duela erantsi zuen Kalera Kalerak, “gehiengo sozial zabal batek ezinbesteko ikusten du euskal preso politikoen kaleratzea bakea eskuratzeko”.
Aurrerantzean beharrezko izango dela bakearen aldeko “artisautza ugari” esan zuten azkenik, agerraldian bildutakoek, “gatazkaren ondorio guztiei heldurik, bakea eta konponbide demokratiko baten eraikitze libreari bide emanez”.
Egitaraua
- Maiatzak 8, astelehena: Argazki erakusketaren irekiera tabernetan zehar.
- Maiatzak 9, asteartea: Hitzaldia, 1977-2017 bilakaera. 19:00etan Reina aretoan.
- Maiatzak 11, osteguna: Bisita gidatua herriko kaleetatik. 18:30ean Herriko Plazatik abiatuta.
- Maiatzak 12, ostirala: Dokumental emanaldia 22:00etan gaztetxean.
- Maiatzak 13, larunbata: Nazio manifestazioa 17:30ean Herriko plazatik abiatuta.
- Maiatzak 14, igandea: Urdaburura mendi martxa, 09:30ean Susperregitik abiatuta.
- Maiatzak 27, larunbata: Herri bazkaria Egi Luze sagardotegian. Autobusa 13:00etan abiatuko da Aralar plazatik.