Santi Angulo: "Oreretak gehiago merezi zuen"
Jantziaren Zentroa bisitatu ondoren, bi hitz nabarmenduko nituzke: Dotorea, baina taila txikia. Hala entzun diot beste hainbat bisitariri ere. Zalantzarik gabe, Torrekua leku egokiagoa zen, museoa izateko espresuki zaharberritua zegoelako eta espazio zabalagoa zuelako.
2008an Euskal Jantzien Museoa jartzeko asmoz Torrrekua zaharberritzeko lanak hasi ziren eta 2011ko martxoan lanak bukatutzat eman ziren. Orduan, dena prest zegoen museoa abiatzeko, Udalaren adostasun osoa eta hitza eta eraikin zaharberritua. Baina, oztopoak sortu ziren berriro. Gobernu berriak Torrekuan aterpetxe bat jartzea estrategikotzat jo zuen eta proiektua atzeratu behar izan zen. Sei urte eta gero, estrategikotasun hark porrot egin zuen. Hala ere, Torrekuako lanek Jantziaren museoa jartzeko berariazko helburua bazuten ere, erabakia hartua zegoen eta museoa lekuz aldatzera behartu zuten.
Bati kendu, beste bati emateko politika hau ez zaigu dohainik atera oreretarroi. Bidean gauza asko galdu da eta galdu dugu. Udalak bere hitza galdu du, emandako hitza jan baitu. Denbora galdu da, duela sei urte museorako lekua prest baitzegoen. Herritarrok diru mordoa galdu dugu, Torrekua museoa jartzeko egokitua baitzegoen, eta eraikinetan eginkizun berrirako lanak egin behar izan baitira eta hori guztia ordaindu da geure zergez. Leku publikoa ere galdu da, Torrekua museo publikoa izan beharrean, ekimen pribaturako tokia izango baita. Udal artxiboaren zati bat lekurik gabe geratu da eta egokia ez den lokal batean sartu dute. Azkenik, “Euskal” eta “Museo” izaerak ere galdu ditugu.
Oreretak museoa merezi zuen, museoak Torrekua merezi zuen. Bejondeiela, euskal jantzien museoaren proiektua aurrera eraman dutenei, lan gogor, borroka luze eta oztopo askoren ondoren, Oreretan espazio hori irekitzea lortu dutelako.
Santi Angulo. Irakaslea.